Finalerdietara hainbat pase jokoan, lau t'erdian eta trinketean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 24a, 00:00

Gurutzealdek eta Mujikak banakakoa irabazi zuten eta orain elkarrekin ari dira.

Bi modalitateetan, partidu garrantzitsuak dauzkate asteburuan Astigarragako eta Hernaniko pelotariek.

Aurreko asteburu potentetik atsedenik hartu gabe, oso partidu garrantzitsuak dauzkate, oraingoan ere, bailarako esku pelotariek. Gipuzkoako Txapelketan, esaterako, semifinaletara pasea izango dute jokoan hainbatek, frontoian lau t'erdian edota trinketean.
Lau t'erdian, final laurdenetako partiduak jokatuko dituzte  Oier Alegria hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak. Oiartzunen ariko da Alegria gaur, goizeko 09:45etan, eta partidu berdindua izango du, Oiarpeko Aranbururen kontra. Goñik, berriz, Azpeitian dauka hitzordua, arratsaldeko 16:00etan, Ilunpeko Otaegiren kontra. Nagusietan ere, final laurdenetako partidua jokatu zuen atzo iluntzean Hodei Exposito astigartarrak; eta jubeniletan, semifinaletakoa izan zuen Eñaut Lizeaga herrikideak.

Trinketean, berriz, binakako txapelketarekin ari dira, bailarako hiru bikote; eta elkarren kontra ariko dira horietako bi: Aimar Mujika eta Oier Gurutzealde astigartarrak, eta Mikel Lasa eta Aitor Aldunberri hernaniarrak, nagusien bigarren mailan. Iruran jokatuko dute, gaur bertan, 16:00etan hasita. Partidu garrantzitsua izango da, semifinaletara pasea lortzeko bidean. Astigartarrak dira faborito, baina ezustekoa ematen saiatuko dira hernaniarrak. 
Ha­ien aurretik, 15:00etan, Iruran bertan ariko dira Mattin Arluziaga eta Xabier Apaolaza jubenil hernaniarrak. Irabaziz gero, semifinaletara sailkatuko dira; eta bestela, bigarren aukera bat izango dute datorren asteburuan.

Ekaitz Cisneros eta Unai Alvarez hernaniarrek, berriz, bihar jokatuko dute nagusien lehenengo mailakoa, 10:30etan Iruran, Epleko Azpiroz eta Chiapusoren kontra.

Nafar Jokoetako bi partidu, etxetik kanpo

Esku pelotari goizuetarrek, berriz, Nafar Jokoetako bi partidu izango dituzte gaur, biak ere kanpoan. Eulaten jokatuko dute Araitz Legarretak eta Alize Sagarduik, goizeko 11:30etan, Ameskoako Martinez eta San Martinen kontra. Eta Lekunberrin ariko dira Axel Salaberria eta Adur Sagardui, goizeko 10:00etan hasita, Larraun B taldearen kontra.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!