'Hau ez da niretzat' umorezko websail berria gaurtik aurrera eskainiko da Kronikaren webgunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 23a, 00:00

Umorezko sei atal labur eta independientez osatuta dago. Atal bakoitzean Esti banatzaileak etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu.

Hau ez da niretzat websail berria gaur estreinatuko da www.kronika.eus webgunean. Umorezko sei atal independentez osatuta dago. Atal laburrak dira, mugikorretan ikusteko bertikalean grabatutakoak.


Atal bakoitzean, Esti banatzaileak –Maialen Sorzabalbere aktorea– etxez etxe eskari xelebreak eramango ditu, eta banaketa bakoitzaren atzean, eskaria bezain xelebrea den egoerarekin egingo du topo. Errealitatea ala fikzioa? 


Gidoiak eta aktore lanak Barrexerka antzerki taldeko kideek egin dituzte: Maialen Sorzabalberek, Garazi Mitxelenak, Mikel Irazustak, Nerea Aranburuk, Amaia Rojok, Amaia Iraundegik, Peru Ansorenak, Ekain Arrietak eta Graxi Arregik.


Websail berriaren sortzaileak, bestalde, Unai Portilla, Gorka Alvarez de Arcaya eta Egoitz Diaz dira; Ttap eta Zut aldizkariek iaz eskainitako Ixa websailaren egileak. Eta ekoizteaz Goiena Komunikazio Taldea arduratu da.


Hurrengo sei atalak berriz egun hauetan argitaratuko dira: maiatzak 7, maiatzak 21, ekainak 4, ekainak 18 eta uztailak 2.

Hirugarren websaila
Tokikomek eskainiko duen fikziozko hirugarren websaila da Hau ez da niretzat. 2019an, Ixa websail saritua kaleratu zuten, eta 2020an, Gorabeherak umorezko websaila ekoiztu eta eskaini zuten. Ttap aldizkari digitala 2018ko uztailean jaio zen, Anbotoren, Baleikeren, Euskalerria Irratiaren, Goienaren eta Tokikomen ekimenez, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean (ADM SL). Astero-astero argitaratzen da, ostiraletan. Hurrengo urtean sortu zuten nerabeendako Zut aldizkaria, Gaztezulorekin elkarlanean, eta hamabostean behin argitaratzen da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!