Derbia Mundarrorentzat, eta porrot gogorra Hernaniko mutil seniorrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Mundarroko eta Hernaniko jokalari bana, larunbatean, mutil jubenilen derbian.

Mutil jubeniletan, 55-26 irabazi zion Mundarrok Hernaniri. Senior hernaniarrek 93-54 galdu zuten.

Bailarako derbia jokatu zuten larunbat arratsaldean, Astigarragako kiroldegian, Mundarroko eta Hernaniko mutil jubenilek. Eta gehiago izan ziren astigartarrak, partiduaren hasieratik: 55-26 nagusitu ziren.


Aurreneko laurdenean, dagoeneko, bederatzi punturen aldea hartu zuen Mundarrok, eta 15-6 bukatu zituzten aurreneko 10 minutuak. Larburu astigartarrak lortu zituen bere taldearen aurreneko zortzi puntuak. Bigarren laurdenean, aldea haunditu egin zuen Mundarrok, eta 15 puntukoa zen tartea, atsedenaldira iristerako (29-14).


Aldageletatik bueltan eman zuten bere maila onena hernaniarrek, berriro ere partiduaren lehian sartzeko asmoz, eta lortu zuten pixka bat gerturatzea (37-25), azkeneko laurdenaren faltan. Baina hortik aurrera, astigartarrak nagusitu ziren, berriro ere; eta partzial ikaragarria lortu zuten azkeneko laurdenean (18-1). Azkenean, 55-26 irabazi zuten partidua.


Horrela, denboraldiko aurreneko garaipena lortu du Mundarrok, eta sailkapeneko laugarren postura igo da. Hernanik, berriz, garaipenik gabe jarraitzen du, eta multzoko azkeneko postuan dago, zazpigarren.

Santo Tomas Lizeoaren kantxan ezin, mutil seniorrek
Porrot gogorra jaso bazuten Hernaniko mutil jubenilek, ez zen xamurragoa izan, mutil seniorrek jaso zutena. Santo Tomas Lizeoaren kantxan aritu ziren larunbat eguerdian, eta ezin izan zuten, talde donostiarraren indarrarekin.


Ondo ekin zioten hernaniarrek, eta aurretik izan ziren markagailuan (8-10), Berrondoren zortzi punturekin. Baina 13na berdindu ondoren, ihes egin zuen talde donostiarrak, eta alde haundiarekin bukatu zuten aurreneko laurdena (30-15). Bigarrenean eutsi zion hobeto Hernanik, eta pixka bat murriztu zuen aldea, atsedenaldira iritsi aurretik (42-29). Baina bigarren zatian, erabat nagusitu zen Santo Tomas Lizeoa, eta aukerarik ez zuen izan Hernanik, markagailuan gehiago hurbiltzeko. Horrela, 65-40 bukatu zuten hirugarren laurdena, eta partidua erabat hautsita, 93-56 galdu zuen azkenean Hernanik.


Gipuzkoako lehenengo mailako laugarren partidua zuen hori Hernanik, eta orain arte jokatutako lauak galdu ditu. Datorren asteburuan jokatu behar zuten partidu hori, baina atsedena zutela aprobetxatuz, partidua aurreratzea adostu zuten bi taldeek. Hortaz, datorren asteburuan ez du partidurik izango Hernanik. Bai ordea Mundarrok: Donostian jokatuko du igandean, Mons kiroldegian, Internacional taldearen kontra. Neska seniorrak ere, aste honetan bueltatuko dira lehiara: Astigarragako kiroldegian jokatuko dute, ostiralean 19:20etan, Añorgaren kontra

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!