Porrot gogorra jaso zuen Iker Salaberriak ostiralean, semifinaletako ligaxkaren estreinako partiduan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Eñaut Lizeaga, pelota zail bat jasotzeko ahaleginetan, larunbateko partiduan.

21-22 galdu zuen Oier Etxebarriarekin, Zabala eta Tolosaren kontra. Gipuzkoako lau t'erdikoan, berriz, aurrera egin dute bailarako lau esku pelotarik: Exposito, Eñaut Lizeaga eta Goñi astigartarrek, eta Alegria hernaniarrak.

Ez da nahi bezain gozoa izan asteburua, bailarako esku pelotarientzat. Garaipen garrantzitsuak lortu dituzte partidu batzuetan, baina porrot gogorrak jaso dituzte, beste batzuetan. Horien artean dago, Iker Salaberriak jaso zuena, Promozioko Binakako Txapelketan.

Estreinako partidua zuen goizuetarrak ostiralean, semifinaletako ligaxkan, Oier Etxebarriarekin; eta galdu egin zuten Azkoitian, Zabala eta Tolosaren kontra (21-22). Are gogorragoa da porrota, partiduaren bilakaera ikusita. Nagusi izan ziren denbora luzez, eta abantaila haundia hartu zuten markagailuan (18-8). Baina hortik aurrera, Tolosa sekulako maila ematen hasi zen, eta ezinean aritu ziren goizuetarra eta igorreztarra. Nola edo hala lortu zuten tantoren bat egitea (20-17), baina berdindu eta aurrea hartu zieten kontrarioek (20-21), eta oso aldrebesa izan zuen bukaera partiduak: Zabalaren pelotakada batek ezkerreko belarriaren atzean jo zion Salaberriari, pare bat metrora zegoela. Lurrean minduta geratu zen goizuetarra, eta txartzat eman zuten Zabalaren pelotakada epaileek, kanpora zijoalako. Aldageletan hartatu behar izan zuten Salaberria medikuek, eta 10 minutuko etenaldiaren ondoren bueltatu behar izan zuten lauek kantxara, azkeneko tantoa jokatzera. Azkenean, Salaberriak berak egin zuen huts, bi pareta egiten saiatu eta txapa behera jota.

Orain, ligaxkako beste bi partiduak irabazi beharko dituzte Salaberriak eta Etxeberriak, eta ostiral honetan bertan daukate aurrenekoa: Elordi eta Garmendiaren kontra ariko dira, Zaldibarren, 22:00etan.

 

Gipuzkoako lau t'erdikoan, lau esku pelotarik aurrera

Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan, berriz, bederatzi esku pelotarik jokatu zuten kanporaketa, eta horietatik lauk egin dute aurrera. Nagusietan, Hodei Exposito astigartarrak lortu zuen garaipena, Zazpi Iturriko Altunaren kontra (22-11), eta final laurdenetara sailkatu da. Jokin Santxez eta Harri Loidi herrikideek, berriz, galdu egin zuten, Ataungo Baztarrikaren eta Lapkeko Ruiz de Larramendiren kontra galduta. Eta txapelketatik kanpo geratu da Iñigo Labaka hernaniarra ere, Ilunpeko Iker Egiguren azpeitiarraren kontra galdu ondoren. Bere onena eman zuen hernaniarrak, baina ezin izan zuen, Gipuzkoako promesa haundienetakoa den pelotariaren aurrean.

Jubeniletan, berriz, Eñaut Lizeaga astigartarra sailkatu da semifinaletara, Tolosako Iztuetari irabazita; baina ezin izan du aurrera egin Xabier Apaolaza hernaniarrak, Azkoitiako Aranbarriren kontra galduta.

Eta kadeteen bigarren mailan, azkenik, bailarako bi esku pelotari sailkatu dira final laurdenetara: Oier Alegria hernaniarrak 22-17 irabazi zion Azkoitiako Egañari, eta Xuban Goñi astigartarra 22-3 nagusitu zen Azkoitiko Juaristiren kontra. Peru Urdanpilleta hernaniarra, berriz, txapelketatik kanpo geratu da.

Eta trinketean, binakakoan aritu dira hiru bikote hernaniar. Kadete mailan, 40-25 irabazi zuten Unax Arabaolazak eta Unax Manterolak, eta azken fasea jokatzeko sailkatu dira. Nagusietan, berriz, ez zuten bere maila onena eman Mikel Lasak eta Aitor Aldunberrik, eta Ekaitz Cisnerosek eta Unai Alvarezek; eta porrot bana jaso zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!