Asteburu borobila Hernanirentzat garaipen erosoak lortuta Euskal Ligan, erregionalean eta jubeniletan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00
Manex Iradik bi gol ikusgarri sartu zituen Ordiziaren aurka.

Euskal Ligan 5-0 irabazi zuten Sestao Riverren aurka, Ohorezko Erregional taldeak 5-1 garaitu zuen Ordizia eta Jubenil Nazionalak denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen Tolosan, 0-3. Preferentean Orioko-Mundarro atzeratu egin da.

Asteburu borobila izan da C.D. Hernani klubarentzat lau garaipen benetan garrantzitsuekin. Euskal Ligan neskek 5-0 irabazi zuten igandean Sestao Riverren aurka. Ohorezko Erregional taldeak ere bost gol sartu zituen larunbatean Zubipen eta 5-1eko emaitzarekin amaitu zen Ordiziaren aurkako partidua. Jubenil Nazionalak 0-3 irabazi zuen igandean Berazubin, Tolosaren kontra eta asteburua borobiltzeko Preferente mailako taldeak 2-4 lortu zuen garaipena Zizurkilen, Danenaren kontra eta hauek ere lider kokatu dira.  Hernaniko entrenatzaileak gustora egongo dira jokalariek izan duten errendimenduarekin.

Bestetik Mundarrok Orion, Oriokoren kontra, jokatu behar zuen partidua atzeratu egin da Koronabirusaren eraginez.
 

Hirugarren Mailara igoera fasea ziurtatu du Hernanik

Larunbatean, Zubipen, Hernani jaun eta jabe izan zen Ordiziaren aurka. Lehenengo zatian 2-0 aurreratu ziren etxekoak Manci eta Aitor Elizalderen golei esker, bigarrena penaltiz. Ordiziak abantaila murriztu zuen, 2 eta 1, baina Manexen bi golei eta Yanizen golari esker 5-1 amaitu zen partidua. Manex Iradiren bi golak ederrak izan ziren.

Gainera, Touringek 3-2 irabazi zion Beti Gazteri eta emaitza horri esker Hernanik lesakarrak berdindu ditu lehenengo postuan, hamazazpi punturekin. Bi talde hauek Hirugarren Mailara igotzeko fasera sailkatuta daude dagoeneko. Multzoko hiru talde sailkatzen dira.

Euskal Ligan ongi kokatu dira neskak

Igandean ere bost gol ikusi ziren Hernaniren alde nesken Euskal Ligan. Jaitsiera ekiditeko borrokan Hernanik 5-0 garaitu zuen Sestao River eta hirugarren kokatu da sailkapenean lehenengo eta bigarren postutik hiru puntura, baina bi partidu eta partidu bat gutxiago jokatuta. Partiduan nagusi izan ziren hernaniarrak hasieratik. 

Mutil Jubenilak azken postutik irten dira

Asteburuko albisterik onena Jubenil Nazionaleko taldeak eman zuen. Tolosa, bigarren sailkatuari, 0-3 irabazi zioten Berazubin eta denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuten. Zazpi punturekin Amorebieta berdindu dute eta azken postutik irten dira averagearengatik. Gainera, bi talde hauek partidu bat gutxiago dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!