412ko intzidentzia tasarekin, aurreko astean Hernani eremu gorrira sartu zen. Atzoko datuen arabera, 531,70eko intzidentzia tasara igo da, eta gaurtik jarriko dira indarrean neurri murriztaileak, eremu gorrian dagoelako. Astigarraga ere eremu gorrian dago, eta atzoko datuen arabera, 1198,68eko intzidentzia tasa du. Ondorioz, hauek dira, Astigarragan eta Hernanin jarri diren neurri murriztaileak: Mugikortasunari dagokionez, etxeratze agindua orain artekoa da, hau da, gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara bitartean. 100.000 biztanleko 400etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan itxiera perimetrala ezarri da, beraz, Hernaniren kasuan, itxiera perimetrala ezarriko da, gaurtik, eta Astigarraga pasa den astetik, itxita mantendu da. Bilerak, gehienez 4 pertsonakoak izan daitezke, espazio pribatuetan, hain zuzen. Establezimenduek, gaueko 21:00etarako itxi beharko dute, eta jarduera guztiak amaituta egongo dira, hala nola, kultur emanaldiak.
Merkataritzako edukieran ere, neurri murriztaileak ezarriko dira. 150 metro karratu baino gehiagoko establezimenduetan, %40a bete daiteke. 150 metro karratu arte, berriz %60a. Azoka txikietan, baimendutako postuan %50a izango da. Elkarte gastronomikoek berdin jarraituko dute, hau da, itxita. Hauez gain gainera, lonjak eta antzerako txokoak itxita mantenduko dira.
Ostalaritzan ordutegi eta edukiera aldaketak
Eremu gorrian sartzeak, ostalaritzan ere eragina izango du, neurriak zorrotzagoak baitira, edukierari eta ordutegiei dagokienez. Izan ere, 400etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan, barruko ordutegia goizeko 06:30etatik 09:30etara izango da, eta eguerdiko 13:00etatik 16:00etara. Gainerakotan, orain arte moduan, arratsaldeko 20:00etan itxiko dira hostatuak. Eta barneko edukierari dagokionez, %50a izango da, eta honako neurria ezarri du Eusko Jaurlaritzak: «debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon daitezke. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean ez ezik».
Gaueko aisialdiak, orain arte moduan jarraituko du, hau da, gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak itxita mantenduko dira. Joko-lokalak, 400etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan, barruko ostalaritza zerbitzuak ordu hauetan eman ahal izango dira: goizeko 06:30etatik 09:30etara eta eguerdiko 13:00etatik 16:30etara.
Kultu lekuetan eta kirolean, neurri murriztaileak
Kultu-lekuetan, %35eko edukiera ezarri da. Beilatoki eta ehorzketetan berriz, aire zabalean, gehienez 30 pertsona egon daitezke, eta leku itxietan berriz 6 gehienez. Kirol instalazioetan, %50eko edukiera dago eta aldageletako edukiera berriz, %35ekoa da. Kirol ekitaldietan, ikusleak ez egotea behartu du Eusko Jaurlaritzak, eta Hernaniren kasuan, 400tik gorako intzidentzia-tasa duen udalerria denez, aldagelak itxita egongo dira.
Astigarragan eta Hernanin, intzidentzia-tasa altua denez, barruan egiten den kiroletan, talde profesionalak eta federatuek izan ezik, 4 pertsonako taldeetan egingo dute. Gainerako herrietan, aire zabalean edo barnealdean, gehienez 6 pertsona bilduko dira. Eskola kirola entrenamenduan aldagelarik ez dute izango. Horrez gain, nahitaezkoa da maskara erabiltzea, lehiaketen eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.
Mendizale federatuek ere, arauak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirolari federatuentzako neurri berria jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Eremu gorrian dauden herrietan, sartu eta irtetea debekatu du, egutegi ofizialak baimendutako lehiaketetarako edo entrenamenduetarako ez bada behintzat. Orain arteko legeak, hiru herrialdeen arteko mugikortasuna baimentzen zien federatutako kirolei, baina, hemendik aurrera, hori bermatu ahala izateko lehia ofizialeko parte izan beharko dute.
Iñaki Garai Euskal Mendizale Federazioko kideak azaldu du, mendizaleentzat mugikortasuna oso garrantzitsua dela. Uste du, joan-etorriak murrizteak eragin nabarmenak izango dituela mendizaleen jardunean, uste baitu, «mugitu ahal izatea bere kirolaren nortasunaren parte» dela. Ezarritako lege hau, federatu guztientzat da, baina Garaik uste du, mendizaleen kasuan eragina nabarmenagoa izango dela.
Urumea bailaran neurri hauek eragina dute, izan ere, eremu gorriko herrietan sartu eta irtetea murrizten du legeak, baina bada hori baimentzen jarraitzeko salbuespen bat: lehiaketa ofiziala. Beste mota bateko zenbait kirol lehiaren inguruan oinarritzen dira, beraz, neurriak ez liekete eragingo.
Baina mendizaleen kasuan, «kalte berezia» egin diezaiekeen neurria dela uste du Garaik. Izan ere, aipatu du, mendiko txapelketa gehienak atzeratu edo bertan behera utzi dituztela. Horrez gain, adierazi du, federatu gehienek ez dutela lehiaketetan parte hartzen; «gure federazioko gehienek ez dute parte hartzen lehiaketetan, eta baliteke horregatik guk gehiago jasotzea ezarritako murrizketa hori pairatzea».
Euskal Herrian, 773 kasu
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, igandean 8.624 proba egin ziren birusa detektatzeko, eta 773 kasu atzeman zituzten.
Pasa den ostegunean Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen herrialdean ezarrita zeuden neurriak beste bi astez luzatuko direla. Beraz, apirilaren 1ean jarritako mugak hilaren 22ra arte izanen dira indarrean, hau da, bihar arte, gutxienez. Zehazki, taberna eta jatetxeen barnealdeak itxita egonen dira, etxe barruan bizikideak baizik ezinen dira elkartu, eta leku publikoetan sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez. Lurraldearen itxiera perimetralak bere hartan jarraituko du, baita etxeratze aginduak ere