Zubietako erraustegiak osasunean sor ditzakeen ondorioei buruz, gaur hitzaldia

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 19a, 00:00
Zubietako erraustegiaren inguruan ariko dira hizketan hitzaldian. Argazkia: Noaua.

GuraSOSek gidatutako saioak hiru ordutegi izango ditu aukeran Biterin: 09:30etatik 11:30etara, 14:30etatik 16:30etara eta 18:00etatik 20:00etara. 

Gaur hasi eta datozen egunetarako hainbat egiteko antolatu ditu Hernanialdeko AEKk. Gaur bertan, Zubietako erraustegiak gure osasunean eta bizimoduan sor ditzakeen ondorioei buruzko hitzaldia izango da Biterin. GuraSOS elkarteak gidatuko du saioa, eta hiru ordutegi izango dira aukeran: 09:30etatik 11:30etara, 14:30etatik 16:30etara, edo, bestela, 18:00etatik 20:00etara. Zilegi Eskola egitasmoaren baitan antolatutako dinamika da eta partehartzea doakoa da. 


Orain 20 egun, GuraSOS kolektiboak Donostian egin zuen agerraldi batean errekurtso berri bat aurkeztu zuen Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailak Zubietan hondakin industrialak erraustea baimentzeko hartutako erabakiaren aurka. Ildo horretan, hondakin horiek Zaldibarko zabortegian tratatzen zirela nabarmendu zuten. Lakuako Sail berari dagokio GuraSOSen errekurtsoa baloratzea. «Zaldibar Zubietara ekartzen dute», azpimarratu zuten.


GuraSOSen errekurtsoa GHKa hiriko edo etxeko hondakinak kudeatzeko soilik gaitutako erakunde publikoa dela azpimarratzean oinarritzen da, eta, beraz, ezin duela beste hondakin mota batzuk kudeatzeko jarduerarik egin, hala nola industria-hondakinak.

Eskulan tailerra egingo da Astigarragako lokalean
Horrez gain, eskulan tailerra ere egingo dute bihar bertan hasita. Bi saio egingo dituzte, bihar eta apirilaren 27an, arratsaldeko 19:00etan. AEKren lokalean izango da (Nabarra Oñatz kalea). Kasu honetan, Naroa Najerak gidatuko du tailerra, eta buztinezko eskulanak egingo dituzte bertan. 


Egitasmo honetarako parte hartzaile bakoitzak 2 euro ordaindu beharko ditu. 


Eskulanen tailerrean izena emateko bidea hauxe da: zilegieskola@aek.eus helbidea idatzita edo Erribera kulturgunera bertaratuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!