Ikamak mobilizazio eguna antolatu du datorren asteazkenean Euskal Herria osoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 18a, 00:00

Ikasle antolakundeak koronabirusak Hezkuntzan sortutako egoera salatzeko elkartuko dira 12:00etan Donostiako Bulebarrean.

Ikasleek azken ikasturtean jasan behar izan duten egoera salatzeko, Ikama ikasle elkarteak mobilizazio eguna antolatu du datorren asteazkenean, apirilaren 21ean. Honela, Donostiako mobilizazioa 12:00etan Bulebarretik irtengo da.


Bizi dugun egoerak ikasleei nola eragiten dien salatzea eta konponbideak eskatzea da Ikamaren helburua. «Iritsi da ordua ikasleria kalera atera eta aho batez nahikoa dela esateko», adierazi du Ikamak. Ikasleak «nazkatuta, amorratuta eta haserre» daudela azpimarratu dute eta ikasturtea inoizko zailena izan dela. Ikasleek jasaten duten egoera krisi soziosanitarioaren ondorioa soilik ez dela azpimarratu dute: «COVID-19ak aurretik genituen egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu besterik ez ditu egin».


Ikamak adierazi duenez, pandemiaren aurrean emandako erantzun «hutsalak» eta protokolo faltak agerian utzi du ebaluazio sistemak ez duela balio. Konfinatutako ikasleek, irakaslearen erabaki indibiduala izan ezean, azterketa egiteko aukerarik ez dutela salatu dute. Egoerari «sostengaezina» deritzote eta hezkuntza sailak ezer ez egin izana salatu dute.

Irailean sortu zen ikasle erakundea da Ikama
Ikama pasa den irailean aurkeztu zuten Elizondon, «martxan dagoen ikasleriaren» lanabesa. Beraien aurkezpenean adierazi zuten zer diren. «Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatuko den ikasle antolakundea da esku artean daukaguna, Ikama ikasle antolakundea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!