Jokin Lizeagak hiru urte eta gero bailarako bost mendi igo ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 18a, 00:00
Jokin Lizeaga helmugara iristen Urnietako San Juan Plazan. Argazkia: Aiurri.

28 kilometro egin ditu Onddo, Adarramendi, Onddi, Santa Barbara eta Buruntza igo ondoren 2h14:55eko denboran.

28 bat kilometroko saioa egin zuen atzo, Jokin Lizeagak bailaran zehar. Urnieta inguruko mendietan, Asturiasen istripu larria jasan eta hiru urtera, herritarren aurrean ospatu nahi izan zuen itzulera eta bi ordu, 14 minutu eta 55 segundu igaro ondoren iritsi zen Urnietako San Juan plazara. 


Herriari, lagunei, familiari hiru urte hauetan jaso duen babesa bueltatu nahi die korrikalariak, eta horregatik aukeratu du bost mendiko ibilbidea, Urnieta inguruan dauden bost mendi ezagun, hain zuzen ere. Urnietako plazatik abiatu zen eguzkia lagun eta giro ezin hobean, goizeko bederatziak jota. Besabira igo zen ondoren Miallus, Benta eta Xoxokan barrena. Handik Belabietako errekara, eta Eteneta aldera, Adarramendi ekialdera utzita. Onddora joan-etorria egin ondoren Adarramendi igo zuen, ondoren Onddi, eta handik, ipar aurpegiko malda malkartsuan barrena, Hernaniko Portu auzora jaitsi zen. 

Ibilbidean jende askok animatu zuen, baita Hernaniko pasaeran ere Portutik Santa Barbaraino
Institutuko etxegunerantz egin zuen ondoren, eta Santa Barbarako gotorlekua Marrakenea aldetik igo zuen. Pista eta errepide zati luzea osatu zuen gero Lizeagak, Azkorte ermitaraino, eta handik Buruntzako gurutzeraino. 


Itzuliko bidea leku beretik egin zuen, baina kiroldegi gaineko aparkalekura jaitsiz. Pintore kalean barrena Zaldundegin gurutzatu zuen errepidea, eta Aldapeta edo Astoen Aldapan gora San Juan plazara iritsi zen Jokin Lizeaga. 


Ez zuen markarik egiteko asmo berezirik, baina bi ordu eta erdiren bueltan egitea espero zuen eta bi ordu, 14 minutu eta 55 segundotan amaitu zituen 28 kilometroak.


Amaieran egun «ikaragarria» izan zela aipatu zuen Jokinek. «Gustora ibili naiz, eguraldi paregabea egin du. Hori ere lagun izan dugu, orain hiru urte zuloa bezala. Sufritu dut, aspaldi ez bezala, baina gozamena izan da. Mila esker gerturatu diren guztiei»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!