Tailerra antolatu du DYAk koronabirusa saihesten ikasteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat zuzendutako ikastaroa da eta bideoen bidez landuko da edukia. Zabalik dago izena emateko epea.

DYAk tailer bat jarri du martxan, koronabirusari nola aurre egin azaltzeko eta kontagioak saihesten ahalegintzeko azalpena emateko. Lehen hezkuntzako ikasleei bideratuta dago, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Azaldu dutenez, DYAkoen ustean, «haurrak dira benetako heroiak». Izan ere, diote, «etorri den guztira egokitzen jakin duten gizakitxoak dira: etxeko konfinamendua, eskolak etxetik ematea, lagunekin edo senideekin egon ez izatea, urtebetetzea ez ospatzea, oporrik ez izatea…».
DYAkoek azpimarratu dute garrantzitsua dela umeek jakitea izurrite hau zer den. Horregatik antolatu dute, hain justu, tailer hori. Ikastaroan Lehen Hezkuntzako ikasleei azalduko diete birusa zer den eta nola transmititzen den. «Gure iritziz, txikienek COVID-19aren aurrean duten portaeraren benetako erantzule izateko modurik onena da hori guztia ezagutzea eta beren begiekin ikustea kutsatzea oso erraza dela». 

Ikastaroa ikus-entzunezko baten bidez landuko da

Arduradunen esanetan, tailerra «oso praktikoa» izango da. «Banakako jolasen, bideoen eta irudien bidez, birusaren kutsadurari aurrea hartzeko zer egin behar duten eta zer ez ikasiko dute».

Jarduerak ordu eta erdiko iraupena du, eta euskeraz edo gaztelaniaz landu daiteke. Gainera, ikasgelan bertan landuko da edukia, «ezarritako segurtasun neurri guztiekin». Horrez gain, antolakuntza errazte aldera, DYAkoek ordutegi malgua proposatu diete ikastetxeei. Hori horrela, ikastaroa egiteko hautua eginez gero, ikastetxeei hobekien datozkien egunean eta ordutegian egingo dute ikastaroa. Bestalde, Kutxa Fundazioak babestu du proiektua eta, ondorioz, tailerra guztiz doakoa da. 

Izena eman daiteke

Interesa dutenek, dagoeneko zabalik dute izena emateko epea. Horrela, bada, izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, 943 46 46 22 telefonora deitu daiteke; edo, irakaskuntza@DYAgipuzkoa.com helbidera idatzi.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!