'Non dago Mikel?', Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko dokumentala ikusgai bailaran, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00
Mikel Zabalzaren bilaketaren argazki ofiziala. Argazkia: 'mikelzabalza.eus'

1985garren urtean aurkitu zuten Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian, Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunetara. Bertsio ofizialak dio ibaira jauzi egin eta ihes egin zuela. Hala ere, Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek berresten dute boltsa edo bainuontzia aplikatuta hil delako bertsioa.

Apirileko kultur agenden baitan, Non dago Mikel? dokumentala izango da ikusgai datozen egunetan Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan. Mikel Zabalzaren hilketari buruzko ikus-entzunezkoa da. Zabalza Orbaizetako bizilaguna zen, Donostiako hiri-buseko langilea, eta Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunetara, hilik agertu zen duela ia 35 urte.

1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe (Mikel Zabalzaren neska laguna) eta Ion Arretxe. Orbaizetan Zabalzaren anaiak ere atxilotu zituzten, Patxi eta Aitor; baina 10 orduren buruan, berriz, askatu egin zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikaturik gelditu ziren. Biharamunean, jakitera eman zen Mikel Zabalza desagertu zela. Gaur egun, bertsio ofizialak dio Bidasoara bota zuela bere burua eta ihes egin zuela, guardia zibilei Endarlatsako (Gipuzkoa) zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela. Hala ere, Zabalzarekin batera atxilotu zituztenen bertsioa oso bestelakoa da.

 

Zabalzarekin batera atxilotutakoek diote boltsa edo bainuontzia aplikatuta hil zela

Zabalza desagertu eta berehala hasi ziren bilaketa lanak. Dena den, egunek aurrera egin ahala, bizirik aurkitzeko itxaropena itzaltzen hasi zen. Gainera, bilaketan buru-belarri lanean ari zirela, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zelako zurrumurrua hasi zen zabaltzen. Hori jakitean, eragile politikoak eta sozialak egoera jendaurrean salatzen hasi ziren, eta kalean ere mobilizazioak egin ziren. Non dago Mikel? dokumentalean, Zabalzaren amaren testigantzetako batek dio Intxaurrondoko kuartelera bertaratu zela, bere semea han zegoen ala ez jakiteko. «Nik ez dakit ezer», «galdu baduzu, bilatu galdutako objektuetan», erantzuten omen zion harrerako guardia zibilak.

Bilaketa lanek aurrera egin zuten eta desagertu eta 20 egunera, 1985eko abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Zabalzaren gorpua aurkitu zuen Bidasoa ibaiaren ur azalean. Edonola ere, egun batzuk lehenago, Gurutze Gorriko urpekariek goitik behera miatutako tokia izan zen hura. Horren bueltan, Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek berresten dute boltsa edo bainuontzia aplikatuta hil delako bertsioa.

Horren haritik, hainbat hedabidek ziurtatu dutenez, Juan Alberto Perote CESIDeko koronel ohiaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa baten grabaketak frogatzen du Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatu ostean hil zela. Elkarrizketa dokumentalaren ikerketaren parte da, baina Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino zuzendarien erabakiz, ez da dokumentalean ageri.

Heriotzagatik hunkiturik, milaka herritarrek kaleak hartu zituzten eta makina bat mobilizazio eta protesta egin ziren Euskal Herrian, Zabalzaren familiari babesa emateko eta Estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko.

Nolanahi ere, gaur egun ez dago jakiterik zer gertatu zen zehatz mehatz, eta, ia 35 urte igaro badira ere, oraindik ez da inor ere epaitu Mikel Zabalzaren heriotzagatik.

 

Dokumentala Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan

Miguel Angel Llamasen eta Amaia Merinoren zuzendaritzapean, Non dago Mikel? dokumentala eskainiko da bailaran, datozen egunetan. Gaur eta bihar, 19:00etan, Biterin egongo da hori ikusteko aukera; etzi, berriz, Biterin ere, 16:30etan. Bestalde, Astigarragan, datorren igandean proiektatuko dute, Erriberan, arratsaldeko 19:00etan. Eta Goizuetan, aldiz, gaur egongo da horretarako aukera. Ganbaran jarri dute hitzordua, 19:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!