Sestao River kontrario zuzena hartuko du Hernanik, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Bihar jokatuko du Euskal Ligako taldeak, 16:30etan. Ohorezko Erregionalak ere etxean ariko dira, gaur; Mundarro bihar Orion.

Bi asteburutan atseden hartu on­doren, bihar bueltatuko da lehiara, Hernaniren Euskal Ligako taldea. Fase berriko bigarren partidua izango du, eta estreinakoa etxean: Sestao River hartuko du Zubipen, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Une honetan, kontrario zuzena dira Sestaokoak, berdeentzat; elkarren segidan baitaude sailkapenean: 16 puntu dauzka Hernanik, eta 15 Sestao Riverrek. Edonola ere, aurreko fasean lortutakoak dira horietatik puntu gehienak, eta multzo ezberdinetan aritu ziren bi taldeak. Beraz, bigarren fasea hasi berritan, ikusteko dago zein mailatan aritu daitekeen talde bakoitza. Ez zioten nahi bezala ekin hernaniarrek, azkeneko sailkatuaren kontra berdinduta; eta arantza atera eta aurreneko garaipena lortu nahiko dute bihar, etxean.

Mutilen Ohorezko Erregional mailan, berriz, irabazteko partidua dauka Hernanik, lidertzaren lehian jarraitzeko. Ordizia hartuko du Zubipen, gaur arratsaldeko 17:00etan. Zortzigarren sailkatua da talde goierritarra, zazpi partidutik bakarra irabazita. Hernani bigarren postuan dago, 14 punturekin, Beti Gazte liderrak baino hiru gutxiago.

Mundarro, bestalde, etxetik kanpo ariko da mutilen Erregional Preferenteen mailan. Orioko Mendibeltz zelaian ariko da bihar, goizeko 11:00etan, Orioko liderraren kontra. Partidu zaila izango dute moreek, baina liga hasiera gorabeheratsua izanagatik ere, erakutsi dute edonori irabazteko gai direla.

Etxetik kanpo ariko dira Hernaniko mutil jubenilak ere, Liga Nazionalean. Tolosan jokatuko dute bihar, 15:30etan Berazubin, Tolosaren kontra. Bigarren sailkatua da Tolosa, talde indartsua, eta ez dute lan erraza izango berdeek, azkeneko postutik ateratzeko hain beharrezko di­tuzten puntuak lortzen. Gainera, lehiako erritmoa galduta izango dira, atzeratu egin baitzen aurreko astean jokatu behar zuten parti­dua, Zubipen, Amorebieta kontrario zuzenaren aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!