Bigarren aukera etzi, Barrenetxeak eta Zubirik

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00

Zubiri, pelota bat jasotzen, Barrenetxea atzean duela. Argazkia: Maialen Andres

Bigarren partidua jokatuko dute biek, Sagardoaren Txapelketan. Galdu egin zuten aurrenekoa.

Etzi jokatuko dute Aritz Zubiri goizuetarrak eta Endika Barrenetxea hernaniarrak, Sagardoaren Txapelketako bigarren partidua. Juanenearekin jokatuko du Zubirik, Larre Gain sagardotegiaren izenean, Gurutzetako Goikoetxea V eta Aizpuru IIIren kontra; eta Etxarri izango du lagun hernaniarrak, Oialume Zarren ordezkari gisa, Gaztañagako Segurola eta Larrañagaren aurrean. Astelehen gauean izango da hori, 22:15etan hasita Galarretan; eta zuzenean emango du jaialdia ETB1ek, Erremontari sa­ioaren barruan.

Bai Zubirik eta bai Barrenetxeak, galdu egin zuten txapelketako aurreneko partidua, joan den astelehenean. Hernaniarrak eta Etxarrik estu hartu zituzten Urriza eta Zaldua (Bereziartua sagardotegia), baina 30-29 nagusitu ziren kontrarioak, azkenean. Zubirik eta Juaneneak, berriz, 30-26 galdu zuten, Ansa II eta Labaka (Setien) bikotearen kontra.

Bigarren aukera izango dute etzi, Zubirik eta Barrenetxeak, estreinako garaipena lortzeko. Eta aurrean izango dituzte, orain­dik txapelketari ekin ez dioten bi bikoteak. Estreinakoaren zalantzak uxatu izana, alde izango dute biek; baina bere maila onena eman beharko du­te, ligaxkaren sailkapenean aurreneko postuetan kokatzeko.

Sei bikote ari dira torneoa lehiatzen, eta ligaxkarekin ekin diote. Ondoren, lau bikote onenek egingo dute aurrera, semifinaletara. Maiatzaren 31n jokatuko dira horiek, eta ekainaren 7an izango da finala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!