Finalerako bidea hasiko dute asteburu honetan, Gipuzkoako lau t'erdikoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 17a, 00:00
Harri Loidi astigartarrak Lazkaon jokatuko du gaur, lau t'erdiko final zortzirena.

Kanporaketak jokatuko dituzte Astigarragako eta Hernaniko hamaika esku pelotarik.

Asteburu potentea izango dute hau ere, bailarako esku pelotariek. Izan ere, finalerako bidea hasiko dute Astigarragako eta Hernaniko makina bat esku pelotarik, Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketan. Nagusien lehenengo mailan, esaterako, final zortzirenak jokatuko dituzte horietako lauk.

Astigartarren artean, atzo iluntzean jokatu zuen Hodei Expositok, Zazpi Iturriko Altunaren kontra; gaur goizean ariko da Harri Loidi, Lazkaon, Lapke Ruiz de Larramendiren kontra; eta bihar arratsaldean jokatuko du Jokin Santxezek Txomiñenen, 17:00etan, Ataungo Baztarrikaren kontra. Hernaniarren ar­tean, berriz, Azpeitian ariko da Iñigo Labaka gaur arratsalde­an, Ilunpeko Egigurenen kontra.

Jubenilen lehenengo mailan, bestalde, final laurdenak jo­­­katuko dituzte: Xabier Apaolaza hernaniarra Hernanin ariko da gaur, 12:00etan, Azkoitiako Aranbarriren kontra; eta Eñaut Lizeaga astigartarrak, 11:00etan jokatuko du Txomiñenen, Tolosako Iztuetaren kontra.

Eta kadeteen bigarren mailan, azkenik, bailarako beste hiru esku pelotarik daukate final zortzirenetako kanporaketa: Xuban Goñi astigartarrak Txomiñenen, gaur 11:00etan, Azkoitiako Juaristiren kontra; Oier Alegria hernaniarrak gaur Hernanin, 11:00etan hasita, Azkoitiako Egañaren kontra; eta Peru Urdanpilleta hernaniarrak ere gaur goizean, Lazkaon, Lapkeko Erauskinen kontra.

Bestalde, binakako Gipuzkoako Trinkete Txapelketari ere ekingo diote asteburu honetan, nagusien mailako bi bikote hernaniarrek. Mikel Lasak eta Aitor Aldunberrik gaur jokatuko dute Iruran, 16:00etan, Soraluzeren kontra; eta faborito izango dira, aurreneko garaipena lortzeko, nagusien bigarren mailan. Eta lehenengo mailan, bihar daukate estreinakoa Ekaitz Cisnerosek eta Unai Alvarezek, 10:30etan Iruran, Behar Zanako Esnaola eta Maizen kontra. Oso partidu erakargarria izango da, aurrez aurre ariko baitira munduko txapeldunorde izandako bi esku pelotari: Maiz eta Alvarez; aurrenekoa iaz, eta bigarrena duela 10 urte. Hortaz, Behar Zanako bikotea izango da faborito.

 

Finalerako pasearen bila atzotik, Iker Salaberria

Profesionaletan, bestalde, atzo ekin zion semifinaletako ligax­kari Iker Salaberria goizuetarrak, Promozioko Binakako Txa­pelketan. Oier Etxebarria lagun, Azkoitian jokatu zuen atzo gauean, Zabala eta Erostarberen kontra. Hiru partidu jokatuko dituzte ligaxkan, eta finalerako pasea bilatuko dute goizuetarrak eta Igorreko atzelariak, aurreneko fasea lider bukatu ondoren, 14 partidutik 13 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!