Ikamak mobilizazio eguna antolatu du datorren asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 15a, 00:00

Ikasle antolakundeak koronabirusak Hezkuntzan sortutako egoera salatzeko Donostian Bulebarrean elkartuko dira 12:00etan.

Ikasleak azken ikasturtean jasan behar izan duten egoera salatzeko, Ikama ikasle elkarteak mobilizazio eguna antolatu du datorren asteazkenean, apirilaren 21ean. Honela, Donostiako mobilizazioa 12:00etan Bulebarretik irtengo da.

Bizi dugun egoerak ikasleei nola eragiten dien salatzea eta konponbideak eskatzea da Ikamaren helburua. «Iritsi da orduan ikasleria kalera atera eta aho batez nahiko dela esateko», adierazi du Ikamak. Ikasleak «nazkatuta, amorratuta eta haserre» daudela azpimarratu dute eta ikasturtea inoizko zailena izan dela. Ikasleak jasaten duten egoera krisi soziosanitarioaren ondorioa soilik ez dela azpimarratu dute: «COVID-19ak aurretik genituen egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu besterik ez ditu egin».

Antolakundeak adierazi duenez, pandemiaren aurrean emandako erantzun «hutsalak» eta protokolo faltak agerian utzi du ebaluazio sistemak ez duela balio. Konfinatutako ikasleek, irakaslearen erabaki indibiduala izan ezean, azterketa egiteko aukerarik ez dutela salatu dute. Egoerari «sostengaezina» deritzote eta hezkuntza sailak ezer ez egin izana salatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!