Hernani eremu gorrian sartu da eta neurri berriak asteartean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 15a, 00:00

70-78 urte bitarteko astigartar eta hernaniarrak pasa ziren atzo Illunbetik txertoa hartzera.

Hernani zona gorrian sartu da eta datorren asteartetik neurri berriak jarriko dira indarrean. Atzo ez ziren albiste onak jaso eta Hernanin 15 positibo berri gehitu ziren. Horren ondorioz eremu gorrian sartu da 412ko inzidentziarekin. Astigarragan 13 positibo gehitu ziren eta azken 14 egunetako inzidentzia 913an dago. Astigarraga aurreko astean sartu zen eremu gorrian eta asteartetik daude neurri bereziekin.

Eremu gorrian dauden herri eta lurraldeentzako ondorengoak dira neurriak: joan-etorriak mugatuak daude eta gipuzkoarrek ezin dute Bizkaia eta Arabara mugitu.

Ostalaritza bezalako lekuetan bilerak lau laguni daude mugatuak. Etxeratze-aginduak jarraitzen du 22:00etan, eta hori da alarma-egoeraren esparruan baimendutako gehienekoa.

Perimetralki udal-itxiera dago, alboko udalerria izan ezik, eta ostalaritzarako eta jatetxeetarako ordutegi berriak honakoak dira, hain justu, 06:30etatik 09:30etara eta 13:00etatik 16:30etara da.

 

Leitzan txertaketa, aranoar eta goizuetarrek

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan bizi diren 60 eta 65 urte bitarteko herritarrek Covid-19aren kontrako txertoaren lehenbiziko dosia hartuko dute gaur, ostegunean, Leitzako kiroldegian. 300 lagunek izanen dute txertatzeko aukera eta hitzordua emateko Nafarroako Gobernutik deituko diete.

Lau herrietako 70 urtetik gorako herritarrek eta mendekotasun haundia dutenek asteartean hartu zuten Covid-19aren aurkako txertoa Leitzan. Zehazki, 80 urtetik gorakoek txertoaren bigarren dosia hartu zuten eta 70 urtetik gorakoek aurrenekoa.

Gaurko txertaketaren harira, 08:00etatik 15:00etara eskolako aparkalekua eta parkea itxita egonen direla jakinarazi du Leitzako Udalak eta eskolara oinez joateko aholkatu du. DYAk tailer berri bat jarri du martxan lehen Hezkuntza osorako, koronabirusari nola aurre egin azaltzeko. 

Urtebete igaro da, jada, COVID-19 pandemia deklaratu zenetik. Bizitza aldatu duen eta gizartea muturreko egoeretan jarri duen urtea. Helduak sufritzen eta, salbuespenak salbuespen, DYAk dioenez «ahal dugun guztia egiten ari gara hau amai dadin, baina, eta txikienak?».

DYArentzat, haurrak dira benetako heroiak, etorri den guztira egokitzen jakin duten gizakitxoak: etxeko konfinamendua, eskolak etxetik ematea, lagunekin edo senideekin egon ezin izatea, urtebetetzeak ez ospatzea, oporrik ez izatea, eskolaz kanpoko jarduerarik egiterik ez izatea…

Baina guretzat, txikienak Covid-19aren aurrean duten portaeraren benetako erantzule izateko modurik onena, birus hau benetan zer den ezagutzea, nola transmititzen den jakitea, eta beren begiekin kutsatzea zein erraza den ikustea da.

Hori dela eta, DYAk oso tailer praktikoa eta audiobisuala sortu du Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Bertan, banakako jolasen, bideoen eta irudien bidez, birusaren kutsadurari aurrea hartzeko zer egin behar duten eta zer ez ikasiko dute. Jarduerak ordu eta erdiko iraupena du, euskaraz edo gaztelaniaz. Tailerra doakoa da eta izenemtaeko edo informazio gehiago eskatzeko, deitu 943 46 46 22 telefonora edo bidali mezu elektroniko bat irakaskuntza@ DYAgipuzkoa.com helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!