Maila haundiko bi lasterketa izan dituzte Urumea bailarako txirrindulariek, joan den asteburuan. Batetik, Valenciaga Memoriala jokatu zuten afizionatu mailakoek, igandean, Eibarren. Telmo Semperena eta Enekoitz Azparren astigartarrek hartu zuten parte, eta aurrenekoak bakarrik bukatu zuen proba. Oso gogorra izan zen lasterketa, txirrindulariek hasieratik ezarri zuten erritmo biziagatik. 64garren helmugaratu zen Semperena, irabazlea baino 12 minutu eta 51 segundu beranduago; eta erretiratu egin zen Azparren.
Euskaldun Sarirako puntuagarria zen lasterketa, eta sailkapen horretan, 14garren dago Telmo Semperena, Igor Arrieta liderra baino 11 minutu eta 23 segundu atzerago.
Jubenil mailakoak, berriz, Lizarran aritu ziren igandean, Jesus Galdeano Memorialean. Nafarroako Txapelketa ere jokoan zegoen bertan, eta 97 txirrindularik hartu zuten parte. Horien artean izan ziren lau hernaniar ere: Andoaingo taldeko Mikel Goikoetxea eta Xabat Alonso, eta Donosti Berriko Unax Urretabizkaia eta Aner Zilbeti.
Maila onean aritu ziren, eta tarteko helmugen saria ekartzetik gertu izan ziren: sailkapen horretan, bigarren bukatu zuen Urretabizkaiak, hiru punturekin, eta hirugarren Goikoetxeak, bi punturekin. Donosti Berriko Yago Aguirrek hartu zien aurrea biei, hiru puntu lortuta, eta Aguirre bera nagusitu zen lasterketan ere. Helmugan, Goikoetxea izan zen aurreneko hernaniarra, 36garren sailkatuta, 1:57ra; 44garren izan zen Alonso, 2:21era; 49garren Urretabizkaia, 2:53ra; eta 62garren Zilbeti, 4:30era.
Kadeteek Seguran zeukaten lasterketa, igandean bertan, baina atzeratu egin zuten, eremu gorrian dagoelako herria.