Porrota gogorrak jaso dituzte etxean, Mundarrok eta Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Mundarroko Izagirre, jaurtiketa bat egiten, larunbateko partiduan.

Bigarren zatian egin zion ihes partiduak Hernaniko mutilek (50-65), eta ezinean aritu zen Mundarrokoak (47-86). Mundarroko neskek, berriz, 50-55 galdu zuten, azkeneko minutuetan gerturatu arren.

Aurreneko garaipena lortu ezinik jarraitzen dute, Gipuzkoako lehenengo mailan, Mundarroko eta Hernaniko mutil seniorren taldeek. Eta joan den asteburuan, porrota gogorrak jaso dituzte etxean.

Donosti Dolphins hartu zuen Hernanik, kiroldegian, larunbat eguerdian. Ondo ekin zioten par­tiduari etxekoek, eta aurreneko laurdena 16na berdinduta bukatu ondoren, eutsi zioten bigarrenean ere, atsedenaldira 25-30 emaitzarekin iristeko. Baina hirugarrenaren bukaeran, ihes egin zuten donostiarrek, segidan bi hiruko sartuta (34-46). Saiatu ziren markagailuan gerturatzen hernaniarrak, azkeneko laurdenean, baina ezin izan zuten 10 puntuko langa bota, eta gehiago izan ziren donostiarrak azkenean (50-65).

Gogorragoa izan zuen partidua Mundarrok. Larunbat eguer­­dian jokatu zuten astigartarrek ere, kiroldegian, Santo Tomas Lizeoaren kontra; eta hasieratik erakutsi zuten nagusitasuna, do­nostiarrek. Aurreneko laurdena bukatzerako, 8-18 ari zen galtzen Mundarro, eta atsedenaldirako 19-48 egin zuen ihes Santo Tomas Lizeoak. Aldageletatik bueltan eman zuen bere maila onena Mundarrok, eta pixka bat murriztu zuen tartea (37-62), baina berriro haunditu zuten aldea donostiarrek, azkeneko laurdenean (47-86).

Neska seniorren bigarren mailan, berriz, atseden hartu zuen Mundarroren aurreneko taldeak, eta Askatuak hartu zu­en etxean Mundarro B taldeak: 50-55 galdu zuen, azkeneko laurdenean gerturatu arren. Oso berdindua izan zen partidua, bere multzoko aurreneko bi taldeen artean. 7-11 aurreratu zen Askatuak aurreneko laurdenean, baina 17-20 gerturatu zen Mundarro, atsedenaldira iritsi aurretik. Hirugarren laurdenean, ordea, tartea haunditu zuten donostiarrek (30-37), eta hori baliatu zuten azkenekoan. Astigartarrek tartea murriztu zuten, eta aurretik ere izan ziren markagailuan, lau minutu falta zirenean (45-43). Hortik aurrera, berriro egin zuten ihes donostiarrek (47-51), eta bi minuturen faltan astigartarrak bi puntura hurbildu ziren arren (49-51), ezin izan zioten buelta eman markagailuari.

Ate irekiak igande goizetan, Hernaniko kiroldegian

Hernaniko saskibaloi taldeak, bestalde, ate irekien saioak an­tolatu ditu, apiriletik ekainera bi­­tartean. Igande goizetan egin­go dituzte saioak, Her­naniko kirol­degian; eta 11-14 urte bi­tarteko nes­ka eta mutilek izan­go dute aukera bertan, saskibaloia probatzeko.

Parte hartu nahi dutenek, izena eman behar dute, aurretik: hernanisaskibaloia@gmail.com helbide elektronikora idatzita; edo WhatsApp bidez, 688 688 138 eta 688 608 095 telefonoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!