Ikastaroak, antzerkiak, zinea eta beste asko, Astigarragako eta Hernaniko kultur agendetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00
Haurrentzako 'Botadun katua' antzerkia eskaini zuten joan den igandean, Erriberan.

Kultur agenda zabala aurkeztu dute Astigarragako eta Hernaniko Udalek, hainbat talderekin elkarlanean. Antolatutako Kultur ekintzez gain, tailerrak ere egingo dituzte, eta zabalik dago izena emateko epea.

Dagoeneko eman diete hasiera Astigarragako eta Hernaniko herritarrek hilabete honetako kultur ekintzei. Hamaika egiteko antolatu dira bi herrietan eta antzerkiak, musika emanaldiak, literatura saioak eta beste makina bat egiteko izango dira datozen egunetan. Gainera, ekintzez gain, ikastaroetan parte hartzeko aukera ere izango da, eta dagoeneko eman daiteke izena Astigarragako Udalak aurkeztutako eskaintzan.

Joan den asteetan, Aste Santuko oporrak zirela eta, haurrentzat zein helduentzat ekintzak izan ziren bailaran. Astigarragan, esaterako, Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Sortzaileen Azoka izan zen; eta, Hernanin, Doberako eskulanen tailerrak edota herri kiroletako jarduerak izan ziren. Hori horrela, kultur agendetako ekintza gehienak datozen egunetatik aurrera antolatu dira.

Gaur, irakurketa klubaren txanda izango da Astigarragako liburutegian. Hilabete honetako saioa Oihane Amantegi idazlearen Ibaiertzeko ipuina eleberriari buruzkoa izango da, eta Saioa Joannes Jauregik gidatuko du. Partehartzea irekia eta doakoa da, eta arratsaldeko 19:30etan jarri dute hitzordua. Horrekin lotuta, hilaren 26an literatur solasaldia izango da liburutegian. Ekintza hori ere 19:30etan izango da eta Jorge Carrerok zuzenduko du, gaztelaniaz. Muriel Barberyren Una Rosa sola obraren gainean arituko dira.

Bestalde, Hernanin ere izango du lekua literaturak hilabete honetako kultur agendan. Hilaren 6an emakumeen euskal literatura mintegia izan zuten eta 26an, berriz, ipuin kontaketa izango da 17:30etan, Lur Kortaren eskutik. 4 eta 6 urte bitarteko umeentzat antolatutako ekintza da eta edukiera mugatua denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira liburutegian. Era berean, gaur 19:00etan, Hildakoek ez dute hitz egiten liburuari buruzko literatura solasaldia izango da liburutegian, eta saioa Ane Mayozek gidatuko du, euskeraz. Bihar, aldiz, Kokoro liburuari buruz arituko dira, 19:15etan. Amaia Garcia izango da dinamizatzailea eta saioa gazteleraz landuko da.

 

Dokumentalak eta pelikulak, hilabeteko egitarauan

Aipatutakoez gain, zinea ere izango da Hernanin eta Astigarragan. Hernanin, asteburuko zineaz gain, migrazinea antolatu da hilaren 17rako eta 18rako. Amherrek antolatuta, Aquitaniako programako film proiekzioak eskainiko dira Biterin, goizeko 10:00etan. Astigarragan, bi saio antolatu dituzte hilabete honetarako. Asteburu honetan, larunbatean, etxeko txikientzako Bihurriak filma proiektatuko dute 17:00etan, Erriberan; eta datorren igandean, apirilaren 25ean, Non dago Mikel? dokumentala eskainiko dute Erriberan. Mikel Zabaltzaren hilketari buruzko ikusentzunezkoa da, eta euskeraz proiektatuko dute, gaztelerazko azpitituluekin. Pelikula ikusteko sarrera 2 euroan izango da salgai eta dokumentalarena, berriz, 4 euroan. Erriberako leihatilan edo astigarraga.eus webgunean eskuratu daiteke.

 

Erakusketak eta ikastaroak

Kultur ekintzekin batera, erakusketak eta tailerrak izango dira apirilean. Hernanin, Langile Ikastolako argazki erakusketa izango da, Biterin, hilaren 23ra arte. Arratsaldez egongo da ikusgai, 17:30etatik 20:00etara bitartean. Astigarragan, berriz, hainbat ikastaro antolatu dira. Hilaren 16tik ekainaren 18ra bitartean joskintza ikastaroa izango da arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Horrez gain, batukada feminista osatzeko tailerra eta norberaren gorputza ezagutzeko arnasketa, mugimendua eta erlaxazio saioak ere izango dira.

Hernaniko kultur agenda

13 'Hildakoek ez dute hitz egiten' literatur solasaldia, 19:00etan, liburutegian.

14 'Kokoro' literatur solasaldia, 19:15etan, liburutegian.

15 'Amua' ikuskizuna, 19:00etan, Biterin.

15-29 Emagunea, 16:30etan, Biterin.

17, 18 Migrazinea, 10:00etan, Biterin.

24 'Ilargia' haur antzerkia, 11:00etan eta  12:30etan, Biterin.

28 Ipuin kontaketa, 17:30etan eta 18:15etan, Biterin.

ERAKUSKETAK

12-23 'Langile Ikastolaren 50. urteurrena', 17:30-20:00, Biterin.

GAZTELEKUA

16 Slackline eta malabare musikatuak, Ave Marian

18 Alokairu zerbitzua

25 Lientzoak

29, 30 Puzzlea

 

Astigarragako kultur agenda

13 'Ibaiertzeko ipuina' irakurketa kluba, 19:30etan, liburutegian.

17 'Bihurriak' zinea, 17:00etan, Erriberan.

24 Oskarbi eta Aiztondo abesbatzen emanaldia, 19:00etan, Erriberan.

25 'Non dago Mikel?' dokumentala, 19:00etan, Erriberan.

26 'Una rosa sola' literatur solasaldia, 19:30etan, liburutegian.

27 'Kanona zalantzan jarriz' kultur arloko berdintasunari buruzko mahaingurua, 18:00etan, Erriberan.

IKASTAROAK

Apirilak 16-ekainak 18 Joskintza, 16:00etatik 18:00etara, Erriberan.

20, 27 Eskulanak buztinarekin, 17:00etan, AEK euskaltegian.

21, 28 Arnasketa, mugimendua eta erlaxazio saioak, 19:00etan, Emakumeon etxean.

24 Batukada feminista osatzeko tailerra, 16:30etan, Emakumeon etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!