Denetariko emaitzak lortu zituzten pasa den asteburuan C.D. Hernani taldeko pelotariek; sei garaipen eta zazpi porrot izan da jardunaldiko balantzea.
Gipuzkoako Lau t'erdiko Txapelketaren azken fasea hasi zen eta sailkatuta dauden klubeko bost pelotarietatik hiruk jokatu zuten. Emaitzarik onena Peru Urdanpilleta kadeteak lortu zuen, 22-11 irabazita Aloña Mendiko Arrizabalagaren aurka. Garaipen honekin final-zortzirenetara sailkatu da. Urdanpilleta kadeteak partidu ona jokatu zuen eta sasoi onean dagoela erakutsi zuen.
Emaitzarik txarrenak, Xuban Iturbe kadetearena eta Unax Uitzi gaztearenak izan ziren. Iturbek 22-6 galdu zuen Juaristi azkoitiarraren aurka eta Uitzik 22-13 galdu zuen Behar Zanako Olasagastiren kontra.
Iturbe kadeteak ezer gutxi egin ahal izan zuen aurkari zaharrago eta indartsuago baten aurka eta Uitzi gazteak ez zuen bere eguna izan, ez zuen bere ohiko mailan jokatu eta gainera partidu bikaina jokatu zuen aurkari batekin egin zuen topo. Bi pelotariak kanporatuak gelditzen dira, hortaz.
Hernaniarren arteko lehian Unai Etxarrik 22-9 irabazi zion Mattin Arluziagari jubeniletan. Unax Arabaolazak galdu egin zuen, kadeteetan, 22-9 Tolosako aurkariaren kontra eta maila honetan Aiur Elizazuk 22-13 irabazi zuen Gaztelekuren kontra.
Mundarroko pelotariek ez dute partidurik jokatu pasa den asteburuan.
Aimar Olaizola, Binakakoan kanpora
Aimar Olaizolaren ibilbidea amaitu da Binakako Txapelketan. Izan ere, Beñat Rezustarekin batera 22-19 galdu zuten Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzaren aurka, eta, ondorioz, ezin izan dute finalerdietako ligaxkara pasa.