Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguneratu zituen azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda. Azkenekoz joan den asteartean eguneratu zuen zerrenda hori Jaurlaritzak, eta neurriak datozen egunetan jartzen dira indarrean. Ondorioz, itxialdi perimetrala indarrean sartuko da gaurtik aurrera, besteak beste, Bilbon eta Gipuzkoa osoan.
Joan den astean 26 udalerri itxi zituzten, eta oraingoan, beste hamasei gehituko zaizkie haiei. Bizkaian, hiriburuaz gain, Getxo, Markina-Xemein, Muskiz, Portugalete eta Sestao. Eta Gipuzkoan, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Errenteria, Hondarribia, Lasarte-Oria, Orio, Pasaia, Villabona eta Zarautz.
Ezarriko diren neurriak
Laurehun kasuko intzidentzia tasa gainditzen duten tokietan ezartzen ditu neurri murriztaileak LABIk. Toki horietatik ezin da atera baimenik gabe, eta tabernek barruko jarduera mugatua dute ordu jakin batzuetara: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara bakarrik zabal ditzakete barruko aldeak bezeroentzat. Horrez gain, toki itxietako kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahal izango dira, eta kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik.
Astigarragako herritarrei, oharra Udalak
Astigarragako Udalak, herriko positibo tasen egoera ikusita honakoa eskatu du: «prebentzio neurriak zorrotz betetzeko, guztion onerako izango baita».