Mundarrok galdu eta Hernanik irabazi, Erregional Preferentean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 13a, 00:00

Bigarren zatian Mundarro nagusi izan zen arren, Axularrek eraman zituen hiru puntuak Zarkumendegitik.

Moreek 1-2 galdu zuten Axularren kontra, baina berdeek Billabona hartu zuten mendean (2-1). Hernaniko talde nagusiek atseden hartu dute.

Ohi baino partidu gutxiago izan dituzte asteburu honetan, bailarako futbol taldeek. Atseden hartu dute Hernaniko talde nagusiek, eta Erregional Preferenteen mailako mutilenak izan dira, jokatu duten talde gorenak. Maila horretan, etxean aritu dira Mundarro eta Hernani, eta oso bestelako emaitzak lortu dituzte: 1-2 galdu zuten moreek Zarkumendegin, Axularren kontra; baina 2-1 nagusitu ziren berdeak Zubipen, Billabonaren aurrean.

Aste Santuko atsedenalditik bueltan, ez zion behar bezala ekin partiduari Mundarrok, eta hori baliatu zuen Axularrek, aurreneko zatian bi gol egiteko. Bigarren zatian aritu ziren hobeto moreak, eta jaun eta jabe izan ziren orduan. 60garren minutuan lortu zuen gola Pedronek, tartea murrizteko, areaz kanpotik egindako jaurtiketarekin. Hortik aurrera ere, ondo aritu ziren astigartarrak, eta gol aukera onak izan zituzten, partidua berdintzeko. Horietako batean, zutoina ere jo zuten, baina merezi arren, ezin izan zuten berdinketa lortu. Albiste pozgarria, moreentzat, harrobiko beste gazte baten debuta izan zen. Asko izan dira azkeneko asteotan, Mundarroren aurreneko taldearekin estreinatu direnak.

Hernanik, berriz, kontrario zu­zen bat menderatu zuen etxe­an, eta aurrea hartu dio hirugarren multzoko sailkapenean. Orain, bigarren daude berdeak, lau partidutik bi irabazi eta beste bat berdinduta. Mundarro, berriz, laugarren dago bigarren multzoan, bi partidu irabazi eta beste bi galduta.

Gainerako kategorietan, bederatzi partidutik bost irabazi dituzte Mundarroko eta Hernaniko taldeek. Nesketan, ohorezko mailako kadeteek bakarrik jokatu dute asteburu honetan, eta porrota jaso dute biek: Tolo­san hernaniarrek (4-1), eta Añorgan astigartarrek (3-0).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!