Gipuzkoako Lau T'erdiko Txapelketaren azken fasea hasiko da asteburu honetan. C.D. Hernanik bost pelotari sailkatuta dauzka hiru kategoriatan. Aste honetan hiru pelotari arituko dira eta hurrengo astean, berriz, falta diren biak sartuko dira lehian.
Gaur 12:00etan, Hernanin, Xuban Iturbe kadeteak Juaristiren (Azkoitia) aurka jokatuko du. Azkoitiko pelotaria lehenengo mailan jokatzetik dator eta faborito da partidu honetan.
Arratsaldean, 17:00etan, Hernanin, Unax Uitzi jubenilak Olasagastiren (Behar Zana) aurka jokatuko du. Bi pelotariek sailkapen fasean maila ona erakutsi dute eta partidu berdindua espero da.
Atzo, Legazpin, Peru Urdanpilleta kadeteak Arrizabalagaren (Aloña Mendi) aurka jokatu zuen. Hernaniko klubean jokatzen duen Lasarteko pelotaria zen faborito kanporaketa honetan.
Trinketean Binakakoa hasiko da eta Mundarroko pelotariek atsedena dute asteburuan
Gipuzkoako Trinkete Txapelketan, banakako modalitatean bi finaletan jokatu ondoren, C.D. Hernaniko pelotariak Binakako modalitatean hasiko dira jokatzen asteburu honetan.
Horretarako, guztira bost bikote apuntatu ditu klubak; kadete mailan bi, jubeniletan bat eta seniorretan beste bi.
Bihar 10:30etan, Iruran, kadetetako bi bikotek hasiko dute lehia, elkarren aurka. Manterola-Urdanpilleta (Hernani 2) Alegria-Martin (Hernani 1) bikotearen aurka neurtuko dia; partidu berdindua espero da.
Bestalde, asteburu honetarako Mundarroko pelotariek ez dute partidurik iragarrita.
Olaizolak finalerdietarako pasea jokatuko du bihar, Logroñon
Profesionaletan, Aimar Olaizola eta Beñat Rezustak bihar Logroñon jokatuko dute playoffetako partidua, Ezkurdia eta Galarzaren aurka. Irabazlea finalerdietarako ligaxkara sailkatuko da eta galtzailea, aldiz, Binakako Txapelketatik kanpo geratuko da.
Olaizola eta Rezusta bosgarren sailkatu dira aurreneko fasean eta Ezkurdia eta Galarza laugarren, garaipen bat gehiagorekin. Bi bikoteen ibilbideak kontrakoak izan dira. Ezkurdia eta Galarzak azken hiru partiduak irabazi dituzte eta horietako bat 15-22 Olaizola eta Rezustaren aurka. Ligan bi partiduak irabazi dituzte Ezkurdia eta Galarzak.
Promoziokoan, partidurik izango ez duena Iker Salaberria da. Oier Etxeberriarekin batera finalerdietara zuzenean sailkatu da, hamalau partidutatik hamabi irabazi eta gero.