Erakustaldi aparta eman dute Astana taldeak, eta Alex Aranburu etapa garaileak, Sestaon, etapa ikusgarrian

Andoni Urbistondo 2021ko api. 7a, 08:18

Une egokian jo du eraso bortitza Ezkiokoak, eta Ion Izagirrek eta Omar Frailek zaintza lan apartekoa egin dute taldekidearen garaipena bermatzeko

 

 

Eskolan erakusteko moduko estrategia garatu du Astana Kazakhstango taldeak Itzuliko bigarren etapan. Astana, edo Eustana, azken 15 kilometroetako protagonistak hiru euskal herritar izan baitira: Alex Aranburu etapa garailea, Omar Fraile Ezkerraldeko zaldia zaintza lanean eta Ion izagirre trropel nagusiko jazarpen lana ahal beste oztopatuz. Astanaren denboraldiko lehen garaipena da, presio latza pilatzen hasiak ziren dagoeneko, eta Sestaoko garaipenak, eta lortzeko moduak patxada eta konfiantza handia emango dio Asiiako talde urdinari. Arbelean prestatu bezala atera baitzen estrategia, eta hori egungo txirrindularitzan oso tantaka gertatzen da. Noski, motorra, eta suerte pixka bat behar da, baina pieza bakoitza une egokian bere tokian erabiltzen asmatzea ere bai. Eta lan horretan ikusgarri aritu da Astana, tartean Ivan Velasco Arrasateko kirol zuzendaria.

Etapa benetan dotorea izan da, ederra. Arbeltzaga edo La Asturiana mendateak jokoa ematea espero zen, eta eman du. Handia gainera. Mendate gaiztoa, ingelesek sarri tricky edo bihurria esaten dioten horietakoa: errepide estua, zorua hezetuta goizeko euri txikiaren ostean, ertzetan zerrautsa eta egur arrastoak, eta 20 metroko zuzengunerik ez. Eta noski, malda piko askoak bata bestearen atzetik. Han Tadej Pogacarrek behartu ditu beste oilar guztiak. Ikaragarri igo da esloveniar gaztea, eraso guztietara aise irtenda. Gaudurekin zuloa egitear egon da, baina Bora-k, Xakmann-ekin, zuloa itxi du, eta 20-25 lagun batu dira buruan. Ondoren McNultyk jo du, baina gurpilean zeukan Roglic liderra. Bi horiek hanka egin dute, eta laukotea osatu atzetik etorri diren Caicedo eta Xakmann-ekin. 10-12 segundo atera dituzte gainean, baina Zugaztietarainoko jaitsiera arriskutsuan, porlanezko zati eta guzti, aurreko laukoteak atzeko tropelak baino sarriago eragin dio balaztari, eta Zugaztieta denak batera zeharkatu dute. Hor hasi da Astanaren xake jokoa.

Omar Frailek jo du aurrena, baina harrapatu egin dute, eta Aranbururen erritmo aldaketa etorri da berehala. Inor ez da atera Goierrikoaren bila, eta pixkanaka zuloa egin du. Aldapa behera hasi aurretik dozena erdi segundo besterik ez zeukan, baina beherakoan hegan egin du Ezkiokoak, bihurgune itxiak eskiatzaile onen gozotasun eta maisutasunarekin emanda. 10, 15, 20... 40 segundoko aldearekin iritsi da Trapagaranera Aranburu, besteak beste tropelean Esteban Chaves ari zelako jazarpenean. Chaves ziklista ona da, baina jaisten, Aranburu askoz hobea da. Azken lau kilometroetan ondo eutsi dio etapa garaileak, eta lagun izan du tropelean Ion Izagirrek egin duen kontrol lana, azken kilometroko aldapan sartu arte, eta ondoren Omar Frailek oilarren urruneko erasoak atzeratzeko egin duen lan bikaina. Hainbesterako, Fraile bera bigarren helmugaratu dela, Pogacarren aurretik. Aranburu lidergoa eskuratzetik bost segundora baina ez da geratu, baina nagusia ez da bere borroka. Ziur aski bihar postu batzuk galduko ditu Ermualdeko ermitako ailegaera tentean.

Arbeltzagara iritsi bitartean zazpikote baten ihesaldia izan da protagonista. Han sartu da Mikel Iturria urnietarra. Lau minutu pasatxoko errenta ere lortu dute, baina Movistarrek Valverderekin garaipena lortzeko asmoa zeukan, eta ezinezko egin du ihesaldiaren ahalegin oro. Alferrikako lana, askotan bezela Movistar-en kasuan, Valverde, bukaeran, garaipena lortzeko jokotik nahiko aparte ibili delako. Nagusian Alex Aranburuk gorantz egin duen jauzia alde batera utzita, ez da aldaketarik egon apenas, eta Roglicek lider jarraitzen du. Bihar hirugarren etapa korrituko da, Araban ia erabat. Amurrion hasi eta Laudioko Ermualde ermita, 167 kilometro. Zailtasun handirik ez azken 15 kilometroetan sartu arte. Orduan bigarren mailako Malkuartu igoko du tropelak, eta jaitsi eta berehala Ermualdeko igoera tentea. Oso igoera itoa da, %11ko batez besteko pendiza hiru kilometrotan, eta tartean kilometro oso bat %15.6ko pendiza. Noski, %20tik gorako hormatzar pare bat ere bai, bidean. Igitaien pare ariko dira ziklistak. Eguraldia, ona eta lehorra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!