Hiru txapel lortu dituzte bailarako pelotariek, Trinkete Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 6a, 00:00

Pasa den ostegunean jokatu ziren Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalak, eta bailarako hiruk lortu zuten txapela; Oier Gurutzealde, Aimar Mujika eta Manex Martinek. 

Aurreko ostegunean, Urumea bailarako bost pelotarik jokatu zituzten Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalak, eta hiruk txapela lortu zuten; bi hernaniarrak ziren, eta bestea astigartarra. Zortzi finalistetatik, bost ziren bailarakoak; Oier Gurutzealde eta Aimar Mujika astigartarrak; eta Jon Jara, Manex Martin eta Unax Manterola, hernaniarrak. Irurako Ametsan jokatu zuten, goizeko 10:00etan hasita. 

Kadete mailan, bi hernaniar aritu ziren elkarren aurka, Martin  eta Manterola, hain justu. Manex Martinek irabazi zuen, 30-25 markagailuarekin, eta bi pelotari hernaniarrek «oso partidu emozionantea» jokatu zuten. Partidua amaitzen zihoan heinean, Martinen lasaitasuna nagusi izan zen, eta berea izan zen garaipena. Horrez gain, Manterola zoriondu du Hernanik, «emandako mailagatik eta partidu ikusgarriagatik». 

Jubeniletan, aurrez aurre aritu ziren ostegunean, Jon Jara hernaniarra eta Aimar Mujika astigartarra. Mujika zen faborito, izan ere, sailkapen fasean 35-21 nagusitu baitzitzaion hernaniarrari, baina Jarak ere bere maila erakutsi zuen. Izan ere, 23-18  markagailuarekin, Jara zen nagusi, baina kolpe txar baten ondorioz, eskuko hatza hautsi zuen. Jarraitu egin zuen hernaniarrak borrokan, baina ez zen nahikoa izan, errendimendua jaitsi egin baitzen. Aimar Mujika astigartarrak aurrea hartu zion,  35-26 irabazi arte, eta garaipen honekin, txapela etxera eraman zuen.  Hernanik Jara zoriondu du, egindako partidu eta esfortzuagatik; «espero dugu lesioa ahal bezain azkar errekuperatzea». 

Jaialdiko hirugarren finalean, Gurutzealde astigartarrak jokatu zuen, Pagazpeko Huiziren aurka. Astigartarrak bere maila onena erakutsi zuen, izan ere, 40-14 irabazi baitzion Pagazpeko Huiziri. Gurutzealdek dio erraza izan zela partidua jokatzea; «uste baino errazagoa izan da garaipena lortzea egia esan».
Gurutzealdek bigarren mailako txapelketa irabazi du. Pasa den urtean, ez baitzuen lehenengo mailakoa jokatu, hori horrela maila galdu zuen. Garaipen honekin, berriz ere bigarren mailara egin du salto, eta bere lekura iritsi da. Lehenengo mailan, faboritoetako bat izango da datorren urtean. 

Asteburu honetan, frontoian Hernaniko pilotariak, eskuz binaka eta banaka lau terdiko Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte, guztira hamar partidu izango dira.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!