Gaur hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Bilbon, eta larunbatean bukatuko da, sei etapa burutu ondoren, Eibarko Arrateko gainean. Eta ibilbide horretan, Urumea bailaratik ere pasako dira txirrindulariak.
Ostegun arratsaldean izango da hori. Gasteizen hasi eta Hondarribian bukatuko da egun horretako etapa, eta arratsaldeko 15:45ak aldera pasako dira Hernanitik eta Astigarragatik, Urnietatik etorrita, gero Perurena igo eta Errenteriarako bidea hartzeko. Zehazki, honakoak dira eman dituzten ordu erreferentziak: Hernanitik, 15:43ak eta 16:02ak artean pasa daitezke txirrindulariak; eta Astigarragatik, 15:48ak eta 16:07ak artean. Ordura arte etapak izan duen abiaduraren araberakoa da hori.Bailaratik igaro ondoren, Jaizkibel eta Erlaitz mendateak igoko dituzte txirrindulariek, Hondarribian bukatu aurretik.
Horien artean ez da izango Xabier Mikel Azparren astigartarra, beste zazpi txirrindularirekin ariko baita Euskaltel-Euskadi. Azparrenek atzo hartu zuen parte La Roue Tourangelle lasterketan, Frantzian.
Afizionatu mailan, Durangoko Bugallo Memorialean aritu ziren ostegunean, bailarako hiru txirrindulari: Enekoitz Azparren astigartarra 16garren izan zen, Ander Amonarriz hernaniarra 33garren, eta Telmo Semperena astigartarra 70garren. Semperena, Amorebietako Udaberriko Sarian ere aritu zen atzo.
Eta Naya Mangas hernaniarrak eta Tasio Semperena astigartarrak, azkenik, Espainiako Pistako Ligako proba izan zuten larunbatean, Tafallan. Zazpigarren sailkatu ziren biak, bakoitza bere kategorian: neska juniorretan Mangas, eta mutil kadeteetan Semperena.