Datozen egunetan jasoko dituzte errenta aitorpenaren autolikidazio proposamenak etxean, milaka herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 5a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak 258.334 gutun bidaliko ditu, eta Nafarroako Gobernuak 150.000 inguru. Apirilaren 12an hasiko da errenta aitorpenaren kanpaina bietan, eta internet bidez egiteko deia luzatu dute.

Gaur zortzi, apirilaren 12an, hasiko da 2020ko errenta aitorpenaren kanpaina, Gipuzkoan eta Nafarroan. Horretarako, hainbat modalitate izango dira aukeran aurten ere, baina internet bidez egiteko deia luzatu dute administrazioek. Bide horretan, lana errazteko, datozen egunetan ja­­soko dute errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena etxe­an, milaka herritarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiak 258.334 bidali ditu, eta Nafarroako Gobernuak 150.000 inguru bidaliko ditu, ostiraletik aurrera.

Apirilaren 12tik aurrera egin daiteke errenta aitorpena online, eta hilaren 19an irekiko dituzte bulegoak, aurrez aurre egin nahi dutenentzat.

Horrela, Ogasunak egindako proposamena zuzen egonez gero, herritarrek nahikoa izango dute hori onartzea: gipuzkoarrek, gipuzkoa.eus/ogasuna web orrian edo 943 11 30 00 telefonoan; eta nafarrek, renta.na­va­rra.es atarian. Webgune horietan ere kontsultatu daitezke proposamenak, eta onartu aurretik, aldaketaren bat egiteko aukera ere badago: alokairuaren kenkaria, donazioena...

Errenta aitorpena egiteko bulegoak, apirilaren 19tik aurrera zabalik

Apirilaren 12tik aurrera onartu ahal izango dira proposamenak Gipuzkoan, eta hilaren 15etik aurrera, berriz, Zergabidea plataformaren bitartez egin ahal izango da errenta aitorpena, Ogasunaren webgunean bertan. Bulegoetan aurrez aurre egin nahi duenak, aldiz, apirilaren 16tik aurrera izango du aukera hitzordua eskatzeko, 943 11 30 00 telefonoan edo gipuzkoa.eus/oga­suna webgunean, ekainaren 8ra arte. Apirilaren 19an irekiko dituzte bulegoak. «Badaude oraindik aurrez aurreko arreta behar duten kolektiboak, eta batez ere beraiengan pentsatuta ematen dugu kalitatezko zerbitzu hau», azaldu du Aldundiak.

Egun berean irekiko dituzte bulegoak Nafarroan ere, errenta aitorpena aurrez aurre egiteko. Astebete lehenago egin ahal izango da internet bidez, Ogasunak egindako proposamena onartuta, edo telematikoki  norberak eginda. Gobernuak bidalitako 150.000 gutunetatik, azaldu dutenez, 50.000 dira 67 urtetik gorako herritarrentzat, eta bertan izango dute autolikidazio proposamena prest. Gainera, gu­tun bidez helarazitakoez gain, beste 50.000 proposamen ere prestatu ditu Ogasunak, 200.000 guztira; eta denak daude ikusgai renta.navarra.eus webgunean.

Nafarroan, ekainaren 23an bukatuko da errenta aitorpenaren kanpaina; eta Gipuzkoan as­tebete gehiago iraungo du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!