Aberri Eguna Euskal Herria osoan ospatuko da igandean, keinu baten bidez batuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 2a, 00:00
Aurreko urtean balkoietan ospatu zen Aberri Eguna.

'Keinu bat batera' ekimena jarri da martxan jendeak hiru abesti kantatzeko. Hernaniko EH Bilduk deialdia egin du 12:30etan, Gudarien plazako ekitaldian partehartzera eta Goizuetan ere plazan ekitaldi bateratua egingo da.

Iazko Aberri Egun bereziko deialdiaren arrakasta ikusita, aurten ere Euskal Herria Batera herri ekimenak, igandean Aberri Eguna batera ospatzeko deia egin du. Balkoi eta leihoetatik plazetara egin nahi da jauzia. Iaz etxeko konfinamenduaren ondorioz, balkoi eta leihoetan ospatu bazen eguna, aurten 12:30etan, ikusentzunezko seinale bat emitituko da irratien bidez, tokiko telebisten bidez eta sarean.


Musika izango da seinale horren protagonista, kantuz elkartzeko. Seinale hori edozein tokitatik jarraitzeko deia egin dute, baina aurten, herri eta auzoetako plazetan elkartzeko deia ere egin dute. «Herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu bai seinalea batera entzuteko, edo herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko ere. Ekimena ez dugu plazetara soilik mugatu nahi. Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu» azaldu zuen ekimenaren aurkezpenean Oihana Maritorena sustatzaileak.


'Gernikako Arbola', 'Txoriak txori' eta 'Ikusi mendizaleak'

Honela Hernanin, Hernaniko EH Bilduk dei egin die herritar guztiei Aberri Egunean parte har dezaten. Hernaniko ekitaldia 12:30etan hasiko da Gudarien plazan eta Gernikako Arbola, Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak abestuko dira. 

Goizuetan ere ekitaldi berezia egingo da. 12:00etan kalejira antolatu da eta 12:30etan ekitaldi bateratua egingo da plazan.  Euskal Herri osoko aldarrikapen musikatuak www.aberrieguna2021.eus webgunearen bidez zuzenean emitituko da. 

Halaber, herrikide guztiei gonbita egiten zaie balkoietan eta leihoetan ikurrina eta Nafarroako bandera jartzeko.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!