Hiru hernaniar eta bi astigartar arituko dira gaur, Gipuzkoako Trinkete Txapelketaren finaletan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 1a, 00:00

Unax Manterola ariko da kadete mailako finalean, Manex Martin herrikidearekin.

Zortzi finalistetatik bost izango dira Urumea bailarakoak, 10:00etan Iruran: Oier Gurutzealde eta Aimar Mujika astigartarrak, eta Jon Jara, Manex Martin eta Unax Manterola hernaniarrak.

Protagonismo haundia izango du Urumea bailarak, gaur goizean, Gipuzkoako Trinkete Txapelketaren finaletan. Izan ere, zor­tzi fi­na­listetatik bost izango dira bailarakoak: Oier Gurutzealde eta Aimar Mujika astigartarrak, eta Jon Jara, Manex Martin eta Unax Manterola hernaniarrak. Irurako Ametsan jokatuko dute, 10:00etan hasita.

Kadete mailako partidua jokatuko da aurrena, eta bi hernaniar ariko dira elkarren kontra: Martin eta Manterola. Partidu berdindua espero da, txapelketan jokatutako guztiak irabazi baitituzte biek. Urduritasuna izan daiteke klabea, eta ondoen kontrolatzen duenak izango du irabazteko aukera gehien. Edonola ere, Hernanira bidean izango da aurreneko txapela.

Eta bailarara ekarriko dute, ziur, bigarrena ere. Izan ere, aurrez aurre ariko dira Jara hernaniarra eta Mujika astigartarra, jubenil mailako finalean. Mujika izango da faborito, sailkapen fasean 35-21 nagusitu baitzitzaion hernaniarrari; baina maila onean dago Jara ere, semifinalean erakutsi zuen bezala, eta ezustekoa ematen saia­tuko da gaur.

Eta jaialdiko hirugarren finalean ariko da Gurutzealde, nagusien bigarren mailakoan. Astigartarrak aurrez aurre izango du Pagazpeko Huizi, eta txapela ekarri nahi du, txapelketa osoan zehar oso sendo aritu ondoren. Alde nabarmenarekin irabazi zuen final laurdenetan eta semifinaletan, eta bere maila onena emanez gero, txapela janzteko moduan izango da.

Horrela bada, trinketeko lau txapeletatik hiru ekarriko dituzte gaur, Urumea bailarara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!