Pleno mardulak gaur, oporraldiaren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Telematikoki egingo du Hernaniko Udalak, eta udaletxeko pleno aretoan Astigarragako Udalak, arratsaldeko 19:00etan biek ere.

Aste Santuko oporraldiaren aurretik, gaur egingo dute martxoko Plenoa, Astigarragako eta Hernaniko Udalek. Arratsaldeko 19:00etan izango da bietan, baina udaletxeko pleno aretoan egingo dute Astigarragan, eta al­­diz, telematikoki Hernanin.­ Gai ugari dauzkate lantzeko, bietan.

Astigarragan, 19 puntuko gai ordena prestatu dute. Horien artean dago, hasteko, 2020ko Udal Aurrekontuaren likidazioa, eta ho­rre­kin batera, 2021ekoan zenbait kreditu txer­ta­keta eta gehikuntza egiteko proposamena. 2021 urteko Zerga Or­denantza ere eztabaidatu eta boz­katuko dute.

Hizpide izango dute Arrobitxuloko igogailua jartzeko obren kontratazio espedientea ere, eta baita Haur Eskola berria izango den lokala egokitzeko obrena ere. Beste bi kontratazio espediente ere badaude gai ordenean: lorezaintza zerbitzuarena, eta kale garbiketa zerbitzuarena.

Udal talde ezberdinen arteko eztabaida sortu duen gai bat ere izango da Plenoan lantzekoen artean: industria, tailer eta gainerako jarduera ekonomikoetako hondakinen gaikako bilketa zerbitzuaren kudeaketa.

Bestalde, animaliak eduki eta babesteari buruzko ordenantzan aldaketa bat egitea ere proposatuko dute. Eta Astigarragako Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko araudiari buruz ere ariko dira Plenoan.

Zerga Ordenantzan aldaketak, Hernaniko Udalak

Hernaniko Udalak, bere aldetik, 11 puntu landuko ditu Plenoan. 2020ko Udal Aurrekontuaren likidazioaren berri emango dute, Astigarragan bezala; eta baita 2021ekoan txertatuko den kredituaren berri ere. 2021eko Zerga Ordenantza ere izango dute hizpide, eta hiru aldaketa proposatuko dituzte: tasen aldaketak Hernani Musika Eskolan, Kantuz musika eskolan, kulturako ikastaroetan, Udal Euskaltegian eta kiroldegiko zerbitzuetan; pre­­zio publikoetan aldaketa, Haur Eskolako jangelan, Jabetze Esko­letan eta ikuskizunen sarreretan; eta tasen aldaketa uztaileko udalekuetan, Ereñotzuko udalekuetan eta Hiribusean.

Era berean, bozkatuko dute udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren lizitazioa hutsik deklaratzea, zigorra ezartzea eta kontratatzeko debekua ezartzeko prozedura abiatzea; eta zerbitzu hori kontratatzeko lizitazioa abian jartzea berriro.

Azkenik, bi mozio landuko dituzte: Euskadiko Otso taldeak aurkeztutakoa, abeltzaintza eta otsoak batera izateko ereduaren alde; eta EH Bilduk aurkeztutakoa, Lanbide Heziketa zentroak indartzeko neurriak hartzeari buruz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!