Zazpigarren amaitu du Goikoetxea juniorrak Errenteriako lasterketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Afizionatuen mailan, Gorlako igoeran, Enekoitz Azparren eta Ander Amonarrizen Laboral Kutxako talde lana goraipatu behar da.

Asteburuan zehar kadete, junior eta afizionatu mailako hiru lasterketa izan dira Gipuzkoan, eta bertan aritu dira bailarako txirrindulariak maila onean. Posturik onena Andoain taldeko Mikel Goikoetxeak lortu zuen igandean, Errenterian, juniorretan. Zazpigarren amaitu zuen proba, Unai Zubeldia garailearengandik minutu eta hamaika segundura. 


Bestalde, Hernani eta Astigarragako txirrindulari gehiago aritu ziren. Amaitu zutenen artean Xabat Alonsok, Hernanin bizi den urnietarrak, 32garren postuan amaitu zuen eta Unax Urretabizkaiak, berriz, (Donosti Berri) 52garren postuan.


Asteburuko lasterketarik garrantzitsuena edo entzutetsuena Gorlako Igoera zen, afizionatu mailan, igandean. Erakustaldia eman zuten Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulariek. Bertan, taldekide dira Enekoitz Azparren astigartarra eta Ander Amonarriz hernaniarra. Lan asko egin zuten taldekideentzat eta emaitzak ezin hobeak izan ziren. Hasteko Asier Etxeberria eta Unai Iribar batera iritsi ziren lehenengo bi postuetan. Laboral Kutxako Etxeberriak irabazi zuen lasterketa eta bere taldekide den Iribarrek bigarren postuan amaitu zuen. 


Enekoitz Azparren 17garren helmugaratu zen eta Ander Amonarriz 79garren. Laboral Kutxak irabazi zuen taldekako sailkapena. Telmo Semperenak (Eibar) 89garren amaitu zuen lasterketa esanguratsu honetan. 

Tasio Semperena, 21garren eta taldeka irabazi, Donosti Berrik
Kadeteek Azpeitian izan zuten lasterketa larunbatean. 53 kilometroko lasterketa izan zen eta Tasio Semperenak (Donosti Berri) 21garren bukatu zuen. Gari Ugarte izan zen garailea eta astigartarrak 32 segundura amaitu zuen. 


Hemen ere, talde lana aipatu behar da. Donosti Berrik taldekako saria irabazi zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!