Asteburu borobila izan da Mundarrokoentzat, jokatutako partidu guztiak irabazi baitituzte

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 00:00

Gizonezkoen Gorengoen mailako taldea larunbatean, Usurbilen aurkako norgehiagokan.

Hernaniarren Ohorezko Erregionaleko taldeak 4-1 garaitu zuen Euskalduna, eta Emakumeen Euskal Ligako neskek 2-2 berdindu zuten Barakaldon. Kolpea jaso zuen Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak, 5-1eko porrotarekin. 

Emaitza gazi gozoak izan dira asteburuan, Astigarragako eta Hernaniko futbol taldeetan. Oro har, ondo aritu dira eta emaitza onak lortu dituzte. Hala ere, Hernaniko Jubenilen Liga Nazionalak galdu egin zuen Alavesen aurka, eta estu dabiltza orain sailkapenean. Bestalde, Hernanin, Gizonezko Ohorezko Erregional mailako taldeak Euskalduna garaitu zuen larunbatean, 4-1eko emaitzarekin. Etxekoek ondo asmatu zuten jokoan eta emaitza, beraz, aldekoa izan zuten. Manex Iradi izen zen partiduko protagonista, hiru gol sartu baitzituen norgehiagokan. Mikel Lizarazu izan zen topaketako beste goleatzailea.

Horrez gain, Emakumeen Euskal Ligako taldeak beste berdinketa bat lortu zuen, Barakaldoren aurka. 2-2 itxi zen markagailua Bizkaian, Ainhoa Lizasoren eta Leire Olasagastiren golekin. Jaitsiera saihesteko bigarren faseko lehenengo topaketa izan zen asteburukoa, eta irabazteko partidua zela aurreikusi zuten berdeek; dena den, lanean jarraitzea besterik ez zaie geratzen. Apirilaren 18ko asteburuan dute hurrengo jardunaldia, Sestao Riverren aurka.

Astigarragari dagokionez, arrakastatsua izan da asteburua. Aipatu moduan, jokatutako partidu guztiak irabazi zituzten astigartarrek. Gizonezkoen Gorengoen mailan, Mundarrok 2-0 irabazi zuen Usurbilen kontra, Iraitzen eta Pedronen golekin. Zarkumendegin neurtu zituzten indarrak, eta hiru puntuak etxean gelditu ziren.


Arriskuan dago, Jubenilen Liga Nazionala

Kolpe latza jaso zuten Andoni Loranen mutilek pasa den asteburuko partiduan. 5-1 galdu zuten hernaniarrek Alavesen aurka, gogor borrokatutako partiduan. «Taldea sekulako lana ari da egiten; indartsu entrenatzen dugu eta partidu guztietan hori erakusten dugu», azaldu du Loranek. Lau partiduren faltan dago Hernani, lehenengo fasea amaitzeko. Ondoren, bigarren fasean jaitsiera saihestuko dute; 8 taldetatik 3 jaitsiko dira kategoriaz. Entrenatzaileak herritarren indarra eskatu du, berdeak motibatzeko: «Datorren asteko partidua gakoa da, Amorebietaren aurka. Herritarren bultzada  eta babesa behar dugu».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!