Pandemiak galarazi egin du aurtengo Korrika ohi moduan egitea. Dena den, AEKk ekitaldi xumeak antolatu zituen atzo, Euskal Herriko hainbat herritan. Hernanin eta Astigarragan, esaterako, ospakizun txikiak izan ziren.
Jende ugari bildu zen bai Ave Marian, bai Kontxa Etxeberria plazan. Hernanin, bertsolariak izan ziren eta Kantuban abesbatza igo zen oholtza gainera, Euskal Herrian euskaraz abestia kantatzera. Gainera, atzoko ekitaldirako egindako Lekukoa mingainean bertso-rapa ere egon zen entzungai. Horrez gain, ekitaldiak iraun bitartean, grafiti bat ere egin zuten, aurtengo Korrikari keinua eginez. Datorren urteko Korrika ere aipatu zuten, «ondo apuntatu data: martxoaren 31tik apirilaren 10era izango da!».
Azkenik, ekitaldiak antolatu ziren gainerako herrietan bezalaxe, Astigarragan eta Hernanin talde-argazki batekin amaitu zuten ospakizuna.