LABIren Aholku Batzordeak datozen egunetarako prebentzio-neurriak indartzea erabaki du, eta bihar sartuko dira indarrean. Denera, lau aldaketa egin dira, eta eragina izango dute 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiagoko intzidentzia metatua duten herrietan. Udalerri horietan, perimetroko udal-itxiera zehaztuko da, eta aukera emango da alboko udalerrira igarotzeko erosketak egiteko eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko. Horrez gain, lurralde historikoaren itxiera perimetrala aplikatuko da, 100.000 biztanleko 400 biztanleko tasa gainditzen bada. Herri horietan dauden tabernek eta jatetxeek murriztu egin beharko dute jendaurreko ordutegia, 06:30etatik 09:30etara; eta 13:00etatik 16:30etara. Joko- eta apustu-lokalek ostalaritza-zerbitzuak soilik eman ahal izango dituzte barrualdean, tarte berberetan.
Bestalde, barnealdeko kirol-jarduerak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik, ezingo dira 4 pertsona baino gehiagokoak izan. Herri horietan kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak ixtea zehazten da, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren %35arekin erabili ahal izango dira, eta dutxak, berriz, banaka erabili beharko dira.
Nafarroan, ostegunean
Nafarroari dagokionez, Gobernuak zorroztu egingo ditu izurriteari aurre egiteko neurri murriztaileak. Apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, apirilaren 8ra arte. Hain justu, tabernen barrualdeetan ezingo dute jenderik hartu, eta terrazak bakarrik egongo dira irekita. Gainera, murriztu egingo da komertzioetan gehienez bil daitekeen lagunen kopurua. Zehazki, merkataritza gune haundietan gehienezko edukiera %40 zen orain arte; neurri berriak indarrean sartutakoan, aldiz, %30 izango da. Bestelakoan, ez da egongo herrien artean ibiltzeko eragozpenik, eta ez dago planik intzidentzia tasa batetik gora dauden udalerriak ixteko.