AEKk antolatuta, ekitaldi xumeak egingo dira gaur, Astigarragan eta Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 28a, 00:00
Korrika gaztea Hernanin, 21garren Korrikako edizioan.

Martxoaren 28an zen amaitzekoa aurtengo Korrika, baina bertan behera gelditu behar izan zuen egungo egoeragatik. Hala ere, 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' kanpainaren baitan, ekitaldiak egingo dira gaur, eguerdiko 12:00etan. 

Koronabirusak galarazi egin du aurtengo Korrika egitea. Hain justu, aurten zen egitekoa eta pandemiarik ez balitz, gaur bukatuko luke bere ibilbidea, Euskal Herriko hiriburuetako batean. Egungo egoeragatik, ordea, ekimena datorren urtera atzeratu da, 2022ra. Hala ere, AEKk Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena jarri du abian, eta gaur ekitaldi «xumeak» egingo dira hainbat herritan. Ordu erdi inguruko ekitaldiak izango dira, eta guztiak ordu berean egingo dituzte, 12:00etan. Urumea bailaran ere izango dira ospakizunak: Astigarragan  Kontxa Etxeberria plazan eta Hernanin, berriz, Ave Marian.

Aipatu moduan, Korrika egin izan balitz, gaur amaituko zen euskeraren aldeko lasterketa. Honezkero lekukoak egina izango zuen bere ibilbidea, herriz herri; eta gaur, milaka pertsona elkartuko ziren Korrikaren azken kilometroetarako. Horren ordez, ekitaldiak antolatu ditu AEKk. Aurreratu dutenez, xumeak izango dira eta egungo osasun neurrietara egokituko dira. Horietan, AEKren mezua irakurtzeaz gain, bi abesti ere entzungo dira ekitaldiak antolatu dituzten herri guztietan: Euskal Herrian euskaraz eta Lekukoa mingainean bertso-rapa. Amaitzeko, argazkia aterako dute, bertaratu diren herritar guztiekin. 


Dinamikak, hiru ardatz
Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimenak hiru ardatz nagusi diru. Alde batetik, administrazioari zuzendutakoa eta eragileen inplikazioa eskatzen duena.  Beste alde batetik, gaur egingo diren ekitaldiak; «herritarren bultzada behar dugu», esan dute.  

Eta, azkenik, Korrika atzeratzeak AEKri ekarriko dizkion galerei aurre egiten saiatzeko, ekarpen ekonomikoak egiteko eskatu diete herritarrei.  «Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu». Webgune honetan egin daiteke ekarpena:  https://aek.eus/ekarpenak/.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!