«Prozesua bake epaitegietan hasten da»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Alberto Agirrezabala, Lasarte-Oriako bake epaitegiko bulegoan.

Buruntzaldeako herrietan ere posible da abizenak euskalduntzea. Prozesuari ekin nahi dioten biztanleek euren bizitokiko bake epaitegietara joan behar dute, Alberto Agirrezabalak azaldu duenez. Lasarte-Oriako bake epaitegiko langilea da bera.

Apelliduak abizendu nahi dituzten pertsonek, bizi diren herriko bake epaitegira joan behar dute. Lasarte-Oriakoan, besteak beste, Alberto Agirrezabalak egiten du lan. Hark azaldu ditu abizenak euskaldundu nahi dituztenek jarraitu behar dituzten urratsak.

 

Lasarte-Orian bizi naiz, 18 urte baino gehiago ditut, eta abizenak euskaldundu nahi ditut. Nora joan behar dut? 

Bake epaitegira. Okendo plazan gaude, udaletxean bertan. Erregistro zibileko edozein kontsultarekin etorri behar da hona, hitzordua hartuta.

 

COVID-19a dela-eta, aldatu egin da zuen lan egiteko modua? Tramite hori egiteko, aurrez hitzordua hartu behar dut? 

Bai. COVID-19aren aurretik ez zen beharrezkoa, baina orain bai. 943 37 16 29 telefonora deitu behar da (Lasarte-Oriako bake epaitegiko zenbakia da hori; eskualdeko beste herrietakoak ondoko orrialdean kontsulta ditzakezue).

 

Bake epaitegira dokumentazioa eraman behar dut abizenak euskal grafiaz idazteko prozesuari ekiteko?

Beharrezkoak dira NANaren kopia, erroldaren ziurtagiria eta jaiotzaren hitzez hitzeko agiria. Ezkonduta egonez gero, horren ziurtagiria behar da, eta, seme-alabak edukiz gero, haien jaiotza-ziurtagiriak.

 

Nire deiturekin batera, seme-ala­benak ere aldatzen dira?

18 urte baino gutxiago dituzten seme-alabei eragiten die gurasoen abizenak euskalduntzeak. Kasu horretan, biak etorri behar dira bake epaitegira, deiturak euskal grafiara ekarri nahi dituena eta bestea ere bai, haren baimena behar delako.

 

Ordaindu egin beharko dut abizenak euskalduntzeagatik?

Ez. Erregistro zibileko tramite guztiak doakoak dira.

 

Abizenak ez ezik, izena ere euskal grafiara ekar dezaket?

Bai. Legeak horretarako aukera ematen du. Prozedura berdina da, eta ekarri beharreko dokumentazioa ere bai.

 

Erraza da izen-deiturak euskalduntzea? Zenbat denbora iraun dezake prozesuak?

Erraza da, bai. Eskaera egiten da gure epaitegian, eta Donostiako erregistro zibilera bidaltzen dugu, haiek erabakia hartzeko. Onartzen bada, abizena euskaldundu duen pertsona horren jaiotzaren inskripzioan jaso behar da, baita ezkontzaren eta seme-alaben inskripzioen alboan ere. Jaiotzaren inskripzioa Donostian bertan egonez gero, hamar bat egunetan egina dago. Beste herriren batean badago, denbora pixka bat gehiago behar da, baina, normalean, lau bat astean egina dago.

 

Nire abizenen grafia aldatu eta gero, lehengoarekin eginak dauden agiriak (NAN, gidabaimena, titulu akademikoak...) berritu behar ditut?

Bai, berriro egin behar dira, abizena aldatu egin baita. Aurrena, NAN agiria eta errolda, eta gero, beste guztiak.

 

Noiztik dute herritarrek abizenak euskalduntzeko aukera?

Abizenak euskalduntzeko prozesua 2000. urtean jarri zen martxan, 40/1999 legearen ondorioz.

 

Aurretik ez zen posible, beraz.

Erregistro zibileko legearen non­dik norakoak ikusteko, abia­pun­tura jo behar dugu: hori 1957 urteko ekainaren 8ko legea da. 54. artikuluak honela zioen: «Bataiatua izan denean ezarri zaion izena erabili behar da jaioberriak inskribatzeko. Izen-deitura horiek gaztelaniaz idatzita egon behar dute».

Artikulu hori berritu egin zuten hogei urte beranduago, 1977ko urtarrilaren 4an indarrean jarritako 17/1977 legearen bitartez: Jaioberriari eman za­­ion izena erabiliko da hura inskribatzerako orduan. Izen horrek Espainiar Estatuko hizkuntzaren batean idatzita egon behar du.

Erregistro zibilaren legearen hurrengo erreforma 1999an egin zuten, 40/1999 legearen bitartez. Izen-abizenak aipatu zituzten orduko horretan, ez izenak soilik: Interesa duten pertsonak edo haren legezko ordezkariak hala eskatuta, Erregistro Zibileko arduradunak ordezkatu egingo du eskatzailearen izena, Espainiar Estatuko hizkuntzaren bateko baliokidea den horrengatik. Hori 54. artikulua da. 55.ak, berriz, honela dio: Interesa duen pertsonak edo haren legezko ordezkariak hala eskatuta, Erregistroko arduradunak hasi egingo du eskatzailearen deiturak aldatzeko prozedura, Erregistroan abizen horiek ez baldin badaude Espainiar Estatuko hizkuntza horren grafiara egokituta, gramatikalki zein fonetikoki. Orduan eman zen abizenak euskalduntzeko aukera zuzena, ordura arte deiturak aldatzeko prozedura erabili behar baitzen hori egin ahal izateko.

 

Zer eredu jarraitzen da izen-deiturak euskalduntzeko orduan?

Prozesu horretan oso garrantzitsua da Euskaltzaindiaren lana. Abizenak euskaratu nahi dituen pertsona batek Euskaltzaindiaren EODA Euskal Onomastikaren Datutegia (https://www.euskaltzaindia.eus/hizkuntza-baliabideak/onomastika) kontsultatu behar du, han azaltzen delako haren deiturak euskaraz nola idazten diren.

 

Apelliduak abizentzeko zenbat prozesu irekitzen dituzue urtean? Nolakoa da joera?

Urtero hamar bat espediente egiten ditugu abizenak euskalduntzeko. Azken urteetako joera kopuru horietan mantentzen da.


«Erraz egin nuela gogoratzen dut»

HERNANI- Eider Zubeltzu Loiarte

Eider Zubeltzu Loiarte hernaniarrak 2013. urtean euskaldundu zituen abizenak; ordura arte, Zubelzu eta Loyarte izan ziren. «Senitarteko batek prozesu hori egin zuen; haren bitartez jakin nuen egitasmoaren berri», oroitu du. Zubeltzuk hiru seme-alaba ditu gaur egun. Deiturak euskaratzea erabaki zuenean, lehenengoarekin haurdun zegoen. «Abizenak euskalduntzeko arrazoi nagusia izan zen nire seme-alabek ere, jaiotzerakoan, deiturak euskaratuta izatea». Hernaniko bake epaitegira joan zen tramitea egitera, eta honako hau kontatu du: «Prozesua erraz egin nuela gogoratzen dut».

Eider Zubeltzu Loiartek bezala, beste herritar ugari animatu izan dira deiturak euskal grafiara ekartzera, apelliduak abizentzera. Egun batzuk gorabehera, prozesuak hamar egunetik lau astera irauten du normalean. Buruntzaldea eskualdea osatzen duten sei herrietan (Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen) bizi diren herritarrek aukera dute prozesu horri ekiteko. Herri horietako udalek euskarazko egitasmoak elkarrekin egiteko plan bat adostu zuten 2009-2010 ikasturtean; horretan jaso zuten, besteak beste, Apelliduak abizendu.

 

Euskaltzaindia eredu

Euskaltzaindiak osatutako EODA Euskal Onomastikaren Datutegia hartzen da eredutzat abizenak euskalduntzeko irekitzen diren prozeduretan. Erakunde horrek plazaratu dituen datuak hiru atal nagusitan daude sailkatuta: deiturak, pertsona-izenak eta lekuak. Abizenak euskal grafiara ekarri nahi dituen pertsonak datutegi hori kontsultatu behar du, deitura euskaraz nola idazten den jakin nahi izanez gero.

EODAk 5.061 izen –emakumezkoenak, gizonezkoenak eta epizenoak, alegia, espezie bateko arra nahiz emea izendatzen dituenak– ditu jasota, eta 9.670 deitura. «Datutegiaren bidez, Akademiak berezko duen zerbitzu arauemailea gauzatu nahi du, gizarteari izen berezi horiek euskaraz nola erabili behar diren adieraziz, aholkatuz edota iradokiz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!