Bigarren fasea hasiko du gaur Hernanik, jaitsiera saihesteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Leire Olasagasti, pase bat ematen, Goierri Gorriren kontrako partiduan.

Barakaldon jokatuko du, 16:00etan hasita. Mutiletan, etxean ariko dira Hernaniko eta Mundarroko talde nagusiak, gaur bertan.

Asteburu konpletoa daukate, Hernaniko eta Mundarroko taldeek. Euskal Ligan, hernaniarrek bigarren fasea hasiko dute gaur, jaitsiera saihesteko. Barakaldon jokatuko dute berdeek, arratsaldeko 16:00etan; eta garaipena lortu nahi dute, ondo ekiteko. A multzoan, bosgarren postuan bukatu zuen Hernanik aurreneko fasea, zortzi talderen artean; baina B multzoko azkeneko sailkatua izan zen Barakaldo, 16 partidutan puntu bakarra eskuratuta. Hortaz, hiru puntuak ekartzeko asmoz joango dira hernania­rrak.

Mutilen talde nagusiek, berriz, etxean jokatuko dute asteburu honetan; bai Hernaniren kasuan, eta baita Mundarrorenean ere. Hernanik, Euskalduna azkeneko sailkatua hartuko du Zubipen, gaur bertan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Irabazteko partidua daukate berdeek, lidertzaren lehian jarraitzeko.

Eta Mundarrok, Usurbil hartuko du Zarkumendegin, ordu erdi lehenago, 15:30etan hasita. Jokatutako bi partiduak irabazi dituzte usurbildarrek, baina garaipena behar dute moreek, joan den asteko kolpea ahaztu, eta goiko postuetako lehian sartzeko, bigarren garaipena lortuta.

Mutil jubenilen Liga Nazionalean, bestalde, konpromiso zaila dauka Hernanik, hain be­harrezkoa duen aurreneko garaipena lortzeko. Alavesen zelaian ariko da bihar, 17:00etan. Hirugarren sailkatua da Alaves.

Eta gainerako kategorietan, bi derbi izango dira, gaur goizean eta eguerdian, Zarkumendegin: elkarren kontra arituko dira Mundarro eta Hernani, neska kadeteen ohorezko mailan eta mutil kadeteen lehenengo mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!