Azken hilabetetan, Plax Zerbitzuan izan dugun bikote horietako batek aitortzen du, elkarri mokoka aritu direla eta erretxinduta sentitu direla oso maiz. Oraindik ez diote prozesuari amaiera eman baina elkarrekin, ondorio hauek atera dituzte eta guztiokin partekatu nahi izan dugu:
· Ez egon hiru egun haserre eta elkarri hitz egin gabe. Ez du ezertarako balio.
· Ez hartu edozein komentario atake bat balitz bezala.
· Proaktiboak izan, bikotekideari “rolloa” jarraitu, entzun, beraren alde jarri.
· Bestea zaindu, bere beharrak kontutan hartu (eserita jatea, dutxa lasai hartzea, lagunekin hitz egiteko tartea...)
· Arrazoia baldin badu, arrazoia eman. Egoskorkeriagatik ez emateak, ez du ezertan laguntzen.
· Bestearen erabakiak eta zaletasunak zaindu. Bere espazio pertsonala izan dezan, kolaboratu.
· Ez debekatu edo behartu gauza bat edo beste erosi edo jatera (sanoagoa denaren izenean).
· Kotxea gidatzen dagoenean, ez jardun autoeskolako aztertzailea bezala.
Hau guztia praktikan jartzea, ez da ematen duen bezain erraza izaten sarri, norbere espazio pertsonala galdu duenean, nekatuta dagoenean... Baina harremanak berreraiki daitezke, laguntza pixka batekin.
Horrez gain, askotan ikusten dugu bikoteetan, kideetako batek besteari guraso batek bere umeari errieta egiten bezala hitz egiteko joera izatea (eta alderantziz beste momentu batzuetan). Kritika eta atake egoera horiek identifikatzea garrantzitsua da, oso kaltegarriak izan daitezkeelako harremanarentzat. Komunikazioa oztopatzen dute, eta beldur, segurtasun eza eta nahigabe asko sortu ohi dute.
Bikotekideak talde berekoak bezala tratatzen direnean, norabide berean arraun eginez, elkarri txalotuz, zainduz, eutsiz, lorpenak ospatuz, aholkua eskatuz... Orduan harreman horretan, etxean bezala sentitu
gaitezke.