Trinketeak hartuko du protagonismoa, asteburu honetan, Gipuzkoako Txapelketan. Izan ere, semifinalak jokatuko dituzte, gaur bertan, bailarako hiru esku pelotarik: Oier Gurutzealde astigartarrak, eta Manex Martin, Unax Manterola eta Jon Jara hernaniarrek. Irurako Ametsan ariko dira, 14:00etan hasiko den jaialdian.
Finaleko pasearen bila, Epleko Chiapuso izango du aurrean Gurutzealdek, nagusien bigarren mailan. Martinek eta Manterolak, berriz, kadete mailako semifinal bana jokatuko dute, Gaztelekuko Zestauren eta Epleko Lizarazuren kontra, hurrenez hurren. Biek irabaziz gero, finalean ariko dira elkarren kontra.Eta azkenik, jubenil mailakoan ariko da Jara, Behar Zanako Jauregiren kontra. Haren kontra, galdu egin zuen sailkapen fasean, baina bere maila onena emanez gero, finalera sailkatu daiteke hernaniarra.
Frontoian, berriz, lau t'erdiko txapelketan, ligaxka bukatzeko partiduak izango dituzte. Astigartarren artean, Harri Loidik eta Jokin Santxezek jokatuko dute, nagusien lehenengo mailan. Lasarten ariko da Loidi, Intzako Artetxeren kontra; eta Tolosan Santxez, Ezenarorren kontra. Eta irabaziz gero, lider bukatuko dute ligaxka biek, bakoitzak bere multzoan.
Hernaniarren artean, partidu erabakigarriak dauzkate Xuban Iturbe kadeteak eta Jon Jara jubenilak ere. Hernanin ariko dira biak, bihar goizean, Zumaiako Olaizolaren eta Abantzuko Alonsoren kontra. Irabaziz gero, biak sailkatuko dira azken fasera.
Goizuetarrek, bestalde, Nafar Jokoetako partiduak izango dituzte. Lesakan ariko dira gaur Salaberria eta Sagardui. Olaztin jokatuko dute Segesek eta Aranberrik, gaur bertan. Leitzan ariko da, aldiz, Lujambio, Aurrerako Erdoziarekin; eta baita Legarreta ere, Aurrerako Baleztenarekin. Eta Burladan jokatuko du, azkenik, Elizegik, Aurrerako Mateorena lagun duela.
Partidu klabea, Olaizolak
Profesionaletan, etzi jokatuko du Aimar Olaizolak, ligaxkako azkenaurreko partidua. Rezustarekin ariko da, Zumaian, Ezkurdia eta Ladis Galarzaren kontra. Partidu erabakigarria da, irabazita final laurdenetara sailkatuko baitira. Promoziokoan, berriz, dagoeneko semifinaletara pasea lortuta dela jokatuko du Iker Salaberriak gaur, Lekeition: Oier Etxeberriarekin ariko da, Zubizarreta III eta Uriondoren kontra.