Ingurua arrotza eta justizia gabekoa sumatzen dugu behar baino gehiagotan, ez da kasualitatea. Gatazkak bakardadean kudeatu beharrak sentsazio edo egoera horiek areagotzen ditu. Non dago komunitatea balkoietako txaloez haratago? Facebooken, Instagramen edo twiterren like eman edo kopiatu eta pegatutako aldarrikapen mezuetatik kanpo? Non gaude behar gaituztenean?
Gauzak modu desberdinean egiteko garaia da eta, bizitzako arlo guztietan bezala, justizian ere prozesuak kolektibizatu eta jendartearen inplikazioa areagotzea ezinbestekoa izango da gatazken konponbide-sistemaren kalitatea hobetu nahi badugu.
Elkarlanean aritzeak kalitatea ematen dio lanari berari eta komunitatea gatazken konponbideetan inplikatzean eraginkorragoak egiten dituzte hauek, benetako justizia erreal baterantz joanez, eta ez zentzu gehiago edo gutxiago duten arau-aplikatze soiletik sortzen diren ebazpenak sortuz.
Elkarlanak, saretzeak, komunitateak, herria indartzeak, pertsona indibidual bakoitzaren gainean eragin positiboa du. Sakoneko aldaketek bide horri ekin beharko diote konbentzimendutik ez bada, beharrak derrigortuta izango da.
Irule Abokatuak
Maka eta Garazi