Hiru finaletatik hirurak galdu, bailarako esku pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 00:00

Markel Urdangarin eta Xuban Iturbe hernaniarrak, azpitxapeldunen sariekin.

Ezin izan zuten txapela jantzi Loidi-Santxez, Iturbe-Urdangarin eta Salaberria-Ortiz de Urbina bikoteek, Gipuzkoakoan.

Asteburu gogorra izan dute, Uru­mea bailarako esku pelotariek, Gipuzkoako Txapelketan: hiru final jokatu dituzte, eta hirurak galdu. Ezin izan zuten txapela jantzi Harri Loidi eta Jokin Santxez astigartarrek, nagusien le­henengo mailako finalean: 16-22 galdu zuten Amezketan, Epleko Urmenetaren eta Arangurenen kontra, partidu gogorra jokatu ondoren. Txapelik gabe geratu ziren Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina hernaniarrak ere, nagusien hirugarren mailan. Ez zuten egunik onena izan hernaniarrek, eta bai aldiz Otaño eta Zinkunegi tolosarrek. Hori horrela, 12-22 galdu zuten. Eta porrota jaso zuten Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin hernaniarrek ere, kadeteen hirugarren mailan, Ataungo Artola eta Ramirezen kontra (13-22). Hernaniarrek ezin izan zuten borobildu, jokatu duten txapelketa bikaina, bere mailan aurrerapauso bat emanda.

Frontoian, albiste on bakarrak izan dira lau t'erdian lortutakoak: irabazi egin zuten Eñaut Lizeaga astigartarrak, jubeniletan, eta Peru Urdanpilleta hernaniarrak eta Xuban Goñi astigargatarrak, kadeteetan; eta azken fasea jokatzeko sailkatu dira hirurak.

Trinketean, bestalde, Aimar Mujika astigartarrak irabazi zu­­en Jon Jara hernaniarraren kontrakoa; eta bera sailkatu da finalera. Jarak beste aukera bat izango du, Behar Zanako Jauregiren kontrako finalerdian.

Oier Gurutzealde astigartarra, berriz, final laurdenetara sailkatu da, nagusien bigarren mailan. Eta nagusien lehenengo mailan, mailari eusteko partidua zeukan Iñigo Labakak. Lan arrazoiengatik ezin zuen jokatu, eta federazioak uko egin zion data aldatzeari, bi taldeak ados egon arren. Horrela, Ekaitz Cisnerosek jokatu zuen bere ordez, eta 36-40 galdu zuen. Hernanik partidua inpugnatu du, federazioaren bidegabekeria salatuz, eta lehiaketako epailearen esku dago erabakia orain.

Eta profesionaletan, azkenik, ga­raipena lortu zuen Iker Sala­berriak, Oier Etxebarriarekin ba­tera (22-14). Horrekin, semifinaletara pasea lortu dute zuzenean, eta ligaxkako lider bukatuko dute gainera. Aimar Olaizolak, berriz, galdu egin zuen, Beñat Rezustarekin batera (19-22).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!