Partidu garrantzitsuz betetakoa daukate asteburu luzea, Urumea bailarako esku pelotariek; bereziki, Gipuzkoako Txapelketari dagokionez. Atzo jokatu zituzten finalak, bi bikote hernaniarrek: Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin kadeteek Ataunen, eta Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina nagusiek Azkoitian. Eta bihar, Harri Loidi eta Jokin Santxez astigartarren txanda izango da. Nagusien lehenengo mailako finala jokatuko du Mundarroko bikoteak, Amezketako Larrunarri frontoian, goizeko 11:00etan hasita. Aurrean izango dituzte Epleko Urmeneta eta Aranguren.
Datorren denboraldian ohorezko mailan aritzeko txartela eskuratu zuen Mundarrok, Hodei Expositok eta Santxezek semifinala irabaztearekin. Baina txapela ere lortu nahi dute astigartarrek, biharko finalean.
Lau t'erdian, berriz, partidu garrantzitsua dauka Peru Urdanpilleta kadete hernaniarrak, gaur arratsaldeko 16:30etan Zumaian: irabaziz gero, azken fasea jokatzeko sailkatuko da.
Trinketeko txapelketari dagokionez, aurrez aurre ariko dira bailarako bi esku pelotari, jubeniletan: Jon Jara hernaniarra, eta Aimar Mujika astigartarra. Mujika sailkatuta dago finalerako, eta Jarak irabazi beharra dauka, pasea lortzeko. Iruran daukate partidua, bihar 10:30etan hasita.
Nagusien lehenengo mailan, berriz, mailari eusteko partidua dauka Iñigo Labakak, Behar Zanako Esnaolaren kontra, bihar 11:00etan Iruran. Eta bigarren mailan, final laurdenetako partidua jokatuko du Oier Gurutzealde astigartarrak, Azkoitiaren kontra; hori ere Iruran, gaur arratsaldeko 15:00etan.
Iker Salaberria eta Aimar Olaizola, Labriten gaur
Profesionaletan, bestalde, Iruñeko Labriten jokatuko dute Iker Salaberria eta Aimar Olaizola goizuetarrek, gaur arratsaldean. 17:15etan hasita, jaialdiko bigarren partiduan ariko da Olaizola, Rezustarekin, Jaka eta Martijaren kontra. Irabazita, final laurdenetara pasea ziurtatuko dute. Salaberria, berriz, jaialdiko hirugarren partiduan ariko da, Oier Etxebarriarekin batera, Alberdi eta Salaverri IIren kontra. Garaipena lortuz gero, semifinaletara sailkatuko dira zuzenean. Ligaxkako hiru partidu falta direnean, bi garaipenen aldearekin daude lider.