Mimosa eta magnolia tulipei 'beste bat arte', gereziondo japoniarrei ongi etorria emateko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 00:00
Gereziondo japoniarrak loretan daude herrian zehar, udaberriari ongietorria emateko prest.

Gereziondo japoniarrak loretan daude eta hori udaberria gertu dagoenaren seinale da. Gaur, 10:37etatik aurrera sartuko gara urtaro horretan. Horrekin batera, erlojuaren orratzak ordubete aurreratu beharko ditugu, hilaren 28an.

Mimosak eta magnolia tulipak neguari agur esaten dioten bitartean, gereziondo japoniarrak loretan daude jada herri osoan zehar. Horrek, udaberria ate joka dugularen berri ematen digu.

Udaberria hazi eta berritzeko garaia dela esaten da, animaliak eta landareak jaiotzen diren unea baita. Horrez gain, egunak luzatzen joaten dira eta  eguraldiak hobera egiten du.

Gaur goizeko 10:37etan hasi eta ekainaren 21era arte izango dugu udaberriaz gozatzeko aukera. Guztira, 92 egun eta 18 ordu izango ditu, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) argitaratutako datuen arabera.

 

Bi fenomeno berezi

Urtaro aldaketa honetan, bi fenomeno berezi aurreikusten dira: ilargi eta eguzki eklipsea. Ilargi eklipsea, maiatzaren 26an izango dela aurreikusten da. Kasu horretan, Euskal Herrian ezin izango dugu ikusi, baina Asian, Australian, Ozeano Barean eta Ameriketan ikusi ahal izango dute.

Bestalde, eguzki itxurako eguzki eklipse bat egongo da, baina eklipse partzial moduan ikusi ahal izango da Ipar Amerikan, Europan eta Asian.

Bi fenomeno horiez gain, udako bi meteoro jasa garrantzitsuenak, Liridak eta Akuaridak izango dira. Lehenak, apirilaren 22an ikusiko dira eta besteak, berriz, maiatzaren 6an.

Udaberri, ordu berri

Urtero bezala, urtaro aldaketaren ostean, ordu aldaketa dator. Aurten martxoak 28 izango da, igandea, eta udarako ordutegiari hasiera emango zaio. Behatoki Astronomiko Nazionalak (OAN) eginiko kalkuluek diotenez, 28an 02:00etan 03:00ak izango dira, hau da, goizaldean ordubete aurreratuko da erlojua.

Baliteke 2021eko martxoa,  ordu aldaketa egingo den azken aldia izatea, Europar Batasunean. Momentuz ez dago erabaki finkorik, baina litekeena da etorkizun hurbil batean, udaberri eta udazkenean ordua ez aldatu behar izatea.

Gai polemikoa bilakatu da azken aldian, orduak aldatu ala ez erabakitzearen kontua. Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzorde Nazionalak dio, ordua aldatzeak ez duela zentzurik eta aurkan dauden zientzialariek diotenez, ordu aldaketak osasunerako kalteak ekar ditzake.

Hala nola, miokardio-infartuak %5 igotzen dira eta kontzentrazioaren murrizketa bat ematen da. Horrek dakarrena da, errepideetan hilkortasun-tasa haztea, erabaki honen ondorioz.

Aldekoek ordea, ordu aldaketari esker argi-orduak gehiago errespetatzearekin batera, ordu aldaketak argindarra %5 aurrezten dela azaltzen dute. Guztira 300 milioi euro aurrezten dira,  eta horietatik 90 etxe-kontsumoari dagozkio.

Europar Batasunak 2001ean   ordutegia aldatzeko betebeharra ezarri zien estatu kideei. Horrela, argia aurreztuko baitzen. Hala ere, 2019garren urtean, neurria kentzen saiatu zen, baina erabakia hartzeko denbora luzatzea izan zen lortu zuen bakarra.

Espainiako Gobernuari dagokionez, aditu batzordea sortu zuen ordu aldaketari buruzko erabaki bat hartzeko. Baina, hauek ere ezin izan dira ados jarri, eta ondorioz, erabakia epemugarik gabe luzatuko dela aurreikusten da.

 

Eguraldi zoroa

Atzean uzten dugu, izan dugun negu zoroa. Neguko datuei erreparatuz, mendeetan doan bosgarren negurik beroena izan dela esan daiteke. Beroena izateaz gain, hezetasun haundia egon da.

Eguraldi hotz eta txarretik, eguzkiaren berotasuna sentitzen hastera pasako gara. Gaurtik aurrera, eguraldiak hobera egingo duela espero da, eta tenperaturak goranzko joera izango du, aste-bukaeran zehar. Eguzkia eta hodeiak nagusituko dira egunean zehar eta  Euskal Herriko puntu batzuetan euria egin dezake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!