EH Bilduk eraikin publikoak eskaini dizkio Osakidetzari, txertaketarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00

Alderdi abertzaleak agintzen duen udalerrietako alkateen erabakia da eta bailaran Hernaniko eta Astigarragako Udalei eragiten die.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Maite Ibarra Arrigorriagakoak, EH Bilduko alkateen izenean jakinarazi zuten atzo, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EH Bilduko alkateek Osakidetzaren esku jarriko dituztela euren udalerrietako eraikin publiko guztiak txertaketa kanpainan erabiltzeko. 

Erabakiak Hernani eta Astigarragako udalerriei eragiten die, bietan EH Bildu baitago agintean. «EH Bilduko alkateok Osakidetzaren esku jartzen ditugu gure zerbitzu publikoak, euskal herritarrek beren udalerri edo eskualdeetatik ahalik eta gertuen txertoa jaso dezaten bermatzeko, ahal den neurrian pertsonen mugikortasuna saihesteko, eta txertaketa kanpaina ahalik eta arinena, eraginkorrena eta seguruena izan dadin», adierazi zuen Lertxundik. Aurreko ostiralean eskaintza horren berri eman zioten Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari.

EH Bilduko bi alkateek azpimarratu zu­te­naren arabera, «kezkatuta gau­de txertaketa prozesuaren erritmo motelarekin eta txertaketarako ezarritako irizpideekin. Ikusita txertaketa gune haundiak zabaldu direla, erabaki dugu gure ekarpena egitea. Zailtasun egoeratan denok jarri behar dugu onena gizartearen mesedetan». Osakidetzari egindako proposamenaren xedea da herrialdean dauden baliabide publiko guztiak txertaketarako erabilgarri egitea, txertaketa «ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena» izan dadin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!