Donostiako arte eszenikoen azoka, dFeria, 27garren edizioa betetzen ari da. Ostegunera arte iraungo du eta 28 konpainiek beste hainbeste ikuskizun eskainiko dituzte 41 funtziotan.
Horien artean, gaur, 11:15etan hasita, Intxaurrondoko Kultur Etxean eskainiko den Ameriketara bidaia nabarmendu behar da. Bertan, Hernanin bizi den Vito Rogado da zuzendari ordea eta Ttanttaka konpainiak ekoizten du.
Protagonistak bi nerabe dira eta Miren Urbieta eta Nerea Mazo aktore ezagunek antzezten dituzte. Miren Gabilondo da zuzendaria eta dagoeneko antzoki ezberdinetan ikusi da.
Antzezlanean bi nerabe euskaldun, Jone eta Maria, Estatu Batuetara joan dira ikasturte osorako. Oso desberdinak dira, eta ez dira konpontzen. Jonek amerikarren bizimoduari buruzko iritzi ona dauka. Mariak yankiekiko aurreritzi asko ditu. Aireportuan daudelarik, Jone-ri bere ekipaia eta dokumentazioa lapurtuko diote. Poliziak latino inmigrante ilegaltzat jo eta atxilotuko dute.
Hizkuntza arazoak eta aurreritzi razialak direla eta, egoera kafkiano bat jasango du. Astebete dramatiko bat pasa ostean, Mexikoko mugara deportatua izan baino lehenago askatuko dute. Jonek hainbeste miresten zuen Amerika horren alde iluna ezagutuko du. Maria, aldiz, adiskidetuko da orain arte gutxiesten zuen gizarte horrekin, jende solidarioa ezagutuko baitu.
Datozen hiru egunetan antzezlan ugari ikusteko aukera egongo da Donostiako antzoki eta kultur etxe ezberdinetan. Sarrerak agortu dira lan batzuk ikusteko, Amerikara bidaia obraren kasu, baina beste askotan oraindik erosi daitezke.
Eskainiko diren 28 ikuskizunetatik, 18 estreinaldiak izango dira, bost mundu mailan saridunak. Aurtengo nobedadeen artean, Lugaritz eta San Telmo Museoa berreskuratu izana aipatu behar da.