Igandean zeukan final haundia Azpeitian, Aizkolarien Binakako Txapelketan, Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarrak, Jokin Urretabizkaia Basozabalekin batera. Irabazteko asmoz bertaratu ziren bi gazteak, baina ezin zioten eutsi azkenean, beste bi bikoteen erritmoari; eta hirugarren bukatu zuten.
Ibai Soroa eta Txomin Amundarain izan ziren txapeldun, egin beharreko lanak 18:40 denboran osatuta. Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza izan ziren bigarren (20:05), eta 20:51 denboran bukatu zuten Paollak eta Basozabalek. Ondo ekin zioten ereñotzuarrak eta donostiarrak, aurreneko proba bigarren postuan bukatuta: 47 segundutan moztu zuten 45 ontzako enborra, Soroak eta Amundarainek baino bost segundu azkarrago. Eta beste bi bikoteak gertu zituztela ekin zioten hirugarren lanari ere, 45 ontzako bigarren enborra moztu ondoren. Hortik aurrera, ordea, behera egin zuten. 80 ontzako enborrarekin gehiago kosta zitzaien, beste bi bikoteei baino; eta baita azkeneko sei enborrak txanda librean mozten ere.
Kosta egin zitzaien azkeneko bi probetan, aurrenekoetan maila onean aritu ondoren.
Azpeitiako finaletan aritu ziren Markel Zapiain astigartarra eta Axel Larrañaga hernaniarra ere. Gazteen Binakako Txapelketako finala lehiatu zuten haiek, eta bigarren bukatu zuten, 10:24 denborarekin, Xuban Kañamares eta Ibon Garaibururen atzetik (9:34). Hirugarren sailkatu ziren Oier Larretxea eta Endika Goia (12:35).
Aurreneko proba, lehenengo postuan bukatu zuten Zapiainek eta Larrañagak, 45 ontzako bi enborrak 2:22 denboran moztuta, Kañamaresek eta Garaiburuk baino 18 segundu azkarrago. Baina bigarrenean, kontrarioak moldatu ziren hobeto, 54 ontzako lau enborrak mozten.