Basoen Nazioarteko Egunaren bueltan, 'Basoaren astea' ospatuko dute ikastetxeetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 00:00
Basoak ekosistema moduan duen garrantzia azpimarratuko da ikastetxeetan, aste honetan zehar. Argazkia : Ingurugela.

Igande honetan, Basoen Nazioarteko Eguna dela eta, aste honetan zehar, Basoaren astea ospatuko dute, Urumea bailarako hainbat ikastetxek. Mota ezberdinetako landaketak egingo dituzte, gaurtik hasita.

Igandean, Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu mailan, eta egun seinalatu horretan, basoak, ekosistema moduan duten garrantzia gizarteratu nahi da. Eta herritarrei ohartarazi «ematen diguten zerbitzu ekosistemikoei esker, basoak ezinbestekoak direla gizakiaren biziraupenerako eta ongizaterako».

Hori horrela izanik, Basoaren astea ospatuko dute Gipuzkoako 50 eskolek baino gehiagok, eta horietako batzuk izango dira Langile, Urumea, eta Astigarragako Herri Eskola. Izan ere, Eskola Agenda 2030aren helburuen artean dago, jasangarritasuna eskoletan barneratzea. Hala 17 urtetan zehar asko dira eskoletan ikasturtez ikasturte landu diren gaiak, «izan energia, paisaia, klima aldaketa, elikadura jasangarria, biodibertsitatea... » eta aurtengo gaia eskola askorentzat izan da, Lehorreko ekosistemak: basoa

Covid-19aren etorrerak, bestalde, agerian utzi du «antzeko sindemiak gertatu ez daitezen, ezinbestekoa dela gure inguruko biodibertsitatea kontserbatzea. Horregatik garrantzitsua da hezkuntza arloan, basoak gure bioaniztasunean betetzen duten funtzioak ezagutaraztea eta zabaltzea».

Hala, asko izan dira aurtengo ikasturtean basoa ikuspuntu ezberdinetatik jorratu duten eskolak eta aipatu moduan, horien artean daude, Langile, Urumea eta Astigarragako Herri Eskola. Hauetan, gizartean duten funtzioaz, bertako espezieez, egurraren erabileraz, historikoki izan duten garrantziaz eta abar hitz egin da. Horrez gain, eskola bakoitzak, inguruko eta herri mailako basoen diagnostiko bat  egin behar izan du, eta ateratako ondorioei aurre egingo diete, aurkitu dituzten hutsuneak hobetu nahian.

«Garrantzitsua da hezkuntza arloan, basoak gure bioaniztasunean betetzen duten funtzioak ezagutzea. Basoaren beharra azalduko zaie ikasleei»

 

Larunbatean sartuko gara udaberrian, eta igandean Basoaren Nazioarteko Eguna ospatze aldera, Urumea bailarako ikastetxeek, landaketa edo ekintza sinboliko bat egingo dute aste honetan zehar, eta honela, eskoletan basoei buruzko hausnarketa egiteko eta landatzeko erabiliko da Basoaren astea.

 

Astigarragan, gaur haritza

Astigarragako Herri Eskolak, Basoaren astea ospatuko du aste honetan zehar, eta gaur egingo dute ekintza, hain zuzen. Goizeko 09:00ak aldera abiatuko dira, Erribera atzean dagoen parkera. Lehen hezkuntzako 17 umek hartuko dute parte, eta 3 kideko taldetan, haritza landatuko dute. Material guztia eskolatik eramango dutela jakinarazi dute irakasleek, «gaur ikasiko dugu nola landatu, eta nola zaindu landatutako hori».

Haritza landatuko dute aste honetan zehar, Urumea bailarako hainbat ikastetxek.

 

Urumean ikastola inguruan ere, zuhaitzak

Urumea ikastolak ere bat egin du Basoaren astea ekimenarekin. Eta justu bihar egingo dute ekintza. Goizean hasiko dira, Urumea ikastola inguruan, haritzak landatzen. Bertan, irakasleek azalduko dute, basoak beharrezkoak direla egungo gizartean; «basoak ezinbestekoak dira gizakiaren biziraupenerako eta ongizaterako» azalduta.

«Eskola Agenda 2030aren helburuen artean, helburu nagusi bat da eskoletan jasangarritasuna bermatzea. Hori horrela, aurtengo gaia 'basoa' izango da»

 

Langilen bi zuhaitz berri, ikastola kanpoan

Langile ikastolak argi dauka, basoa beharrezkoa dela, bizirauteko. Hori horrela, igandean izango den Basoaren Nazioarteko Eguna ospatze aldera, aste honetan zehar, Basoaren astea ekimenarekin egin dute bat, eta bi zuhaitz landatuko dituzte ikastola kanpoan: «haritzak landatuko ditugu, bi zehazki, eta inguruan daukaguna apreziatzen ere ikasiko dugu, elkarlanean».

 

Basoaren Nazioarteko Eguna, elkarlanean

Eusko Jaurlaritzako Ingurugelak bultzatutako ekimen honetan, aipatu moduan, hainbat herrietako eskolek hartuko dute parte, eta hiru Urumea bailarakoak dira.

Horrez gain, Udalek eta ingurumen hezkuntzari loturiko enpresek ere egin dute bat, Basoaren astea elkarrekin egiteko, eta «guztien artean, igandean ospatuko den  Basoen Nazioarteko Eguna elkarlanean egiteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!