Primerako asteburua izan da, bailarako esku pelotarientzat. Gipuzkoako Txapelketan, esaterako, finalera pasea lortu dute hiru bikotek, kategoria ezberdinetan: Hodei Exposito eta Jokin Santxez astigartarrek, Xuban Iturbe eta Markel Urdangarin hernaniarrek, eta Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina hernaniarrek. Datorren asteburuan jokatuko dituzte horiek.
Nagusien lehenengo mailako finalera sailkatu dira Exposito eta Santxez, igandean Lazkaon semifinala irabazi ondoren, partidu ezin estuagoan (22-21). Horrela, finalerako pasea ez ezik, datorren denboraldian ohorezko mailan aritzeko txartela ere lortu dute. Asteburu borobila izan da Mundarrorentzat, jokatutako partidu guztiak irabazi baitituzte, frontoian zein trinketean. Lau t'erdiko txapelketan, irabazi egin zuten Jokin Santxezek, Harri Loidik eta Xuban Goñik; eta trinketean buruz burukoa irabazi zuen Oier Gurutzealdek, Mikel Lasa hernaniarraren kontra.
Emaitza onak lortu dituzte hernaniarrek ere, frontoian. Nagusien hirugarren mailako finala jokatzeko sailkatu dira Salaberria eta Ortiz de Urbina, Oiarpeko Zalakain eta Etxabe menderatu ondoren (22-21). Eta kadeteen hirugarren mailakoa jokatuko dute Iturbek eta Urdangarinek, Abantzuko Lizarralderi eta Agirreri irabazita (22-14). Lau t'erdian, berriz, azken fasea jokatzeko sailkatu dira Oier Alegria kadetea eta Xabier Apaolaza jubenila. Oso bestelakoa izan da asteburua, trinketean: Unax Manterola kadeteak lortu du semifinaletara pasea, baina gainerakoan, partidu erabakigarriak galdu dituzte Iñigo Labakak, Unai Alvarezek, Mikel Lasak eta Ekaitz Cisnerosek.
Goizuetarrek, berriz, partidu gutxi jokatu dituzte asteburu honetan, Mendialdeko Binakako Txapelketan. Narbartek eta Aranberrik 10-18 galdu zuten Goizuetan, Aurrerako Gereño eta Imazen kontra. Eta Leitzan, elkarren kontra aritu ziren Legarreta eta Aranberri: Aranberrik irabazi zuen, Aurrerako Iturberekin, Legarretaren eta Aurrerako Imazen kontra (18-14).
Garaipen haundia, Olaizolak
Profesionaletan, berriz, garaipen haundia lortu zuen Aimar Olaizolak, Beñat Rezustarekin, Altunaren eta Bikuñaren kontra (22-6). Seigarren garaipena lortuta, ia ziurtatuta daukate pasea, final laurdenetarako.
Iker Salaberriak, berriz, atzo gauean jokatu zuen Etxebarrian. Alvaro Untoria izan zuen lagun, Oier Etxebarriaren ordez; baina beste garaipen bat lortu zuten, Larrazabal eta Eskirozen kontra (22-11). Jokatutako 11 partiduetatik 10 irabazita, eta hiru partiduren faltan, ia ziurtatuta daukate semifinaletara zuzenean sailkatzea, aurreneko bi postuetan. Izan ere, 8 garaipenekin daude bigarren sailkatuak, eta 7 garaipenekin hirugarrenak.