KAYLEE VASQUEZ
15 URTE
«Ez dugu normalitatea berreskuratu»
«Institutuan harrapatu zigun itxialdiak, etxera bidali ziguten eta dena bertan behera geratu zen. Klaseak online hasi ziren eta horretara ohitzea zaila egin zitzaidan, baina azkenean, hartu nion erritmoa. Hasierako hilabeteak gogorrak egin zitzaizkidan, erosketak egiteko ama eta biok gaizki ibili ginelako. Bakarra atera zitekeen erosketak egitera eta ezin genuen elkar lagundu. Zaila zen egoera eta beti kexatzen nintzen, normalean egiten nituen ekintzak ezin nituelako egin. Ordenagailuz geratzen nintzen lagunekin. Itxialdia pasa eta gero hasi gara geratzen, baina ez dugu normalitatea berreskuratu».
ARANTXA KORTABERRIA
82 URTE
«Ongi eraman dut urtea, niretzat ez da asko aldatu»
«Hasieran, etxean mugitu gabe, adin honekin ez zen xamurra izan, baina gero ongi eraman dut urtea. Jendearen, adinaren eta bakoitzaren egoeraren arabera desberdin eramaten da. Haurrekin egon ala ez, etxeetan zailagoa da, baina adin batetik aurrera eramangarriagoa da. Ni bakarrik nago, baina beti daukazu jendea inguruan, bizilagunen bat erosketak egiten dizkizuna... Eta alde horretatik ongi eraman dut. Egia da psikologikoki eta buruari eragin diola egoera honek. Hori bai, nora joan eta jendearekin nola egon neurtzen duzu. Gimnasia egitera joaten naiz berriz ere, horretarako aukera dagoenez».
NEREA OLLOKIEGI
52 URTE
«Beste Nerea bat ezagutu dut urte honetan»
«Asko ikasteko aukera eman dit egoera honek. Beste Nerea bat ezagutu dut, izan ere, gaztetatik oso soziala izan naiz, kalean asko ibiltzen nintzen, jende askorekin egotea eta momentuak partekatzea asko gustatzen zaidalako. Kontu honek egoera hori guztiz mugatu zuen, baina, nire harridurarako, oso gustura egon naiz. Ordu asko eman behar izan ditut etxean, bakarrik, eta honek martxa bat jaisteko aukera eman dit. Nire buruari buruz hausnartu dut eta beste Nerea batekin egin dut topo. Etxetik lana eginez ere oso gustura sentitu naiz, eta inoiz ez nuen halakorik pentsatuko, taldean lan egitera ohituta nagoelako».
AGUSTÍ SERRES
40 URTE
«Eta, bat-batean, ezer gabe geratzen gara»
Agustí Serresek negozioa itxi behar izan du aurtengo urtean. «Lanaren aldetik oso urte txarra izan da, baina, beste aldetik, gauza asko ikasi ditut. Urte aberatsa izan da ikuspuntu horretatik. Batzuetan pentsatzen dugu dena daukagula, eta bat-batean, ezer gabe geratzen gara. Gogorra izan da». Hala ere, Agustí Serresek itxialdia ongi eraman zuen eta ondorengoa egin zaio gogorragoa. «Gero eta okerrago eraman dut. Hasieran ez nuen sinistu ere egiten, baina gero ikusi dut jendea nola gaixotu den, beste batzuk hil ere bai, eta gogorra da. Espero dut pandemia amaitzea eta horretarako txertoak egotea».
JOSE MANUEL MUÑOZ
51 URTE
«Lanean, erosotasun aldetik, hobera egin dugu»
«Jende gehienarentzako garai txarra izan den arren, lan arloan nire kasuan erosotasun aldetik hobera egin dut telelana egiten baitut Aranon. Lehen, lanera Donostiara joaten nintzen eta orain, horren beharrik ez daukat. Bestetik, gurasoak Donostian bizi dira eta arrisku egoeran daude, adinekoak dira, gaixo daude eta zaintza behar dute. Kezka hori areagotu egin da. Kutsatuz gero, arriskua haundia litzateke. Bikoteak ere Aranon egiten du lan eta egoera antzekoan gaude. Gure bizitza herrikoa da eta horrek asko lagundu du. Hala ere, badakit jende asko gaizki ari dela pasatzen. Kontaktu fisikoaren falta nabaritzen da».
ISA LOPEZ
56 URTE
«Nire egunerokoa eta bizitza gutxi aldatu da»
Pandemiak aldaketa askorik eragin ez dion jendea ere badago. Hori da Isa López astigartarraren kasua. «Nire bizitza oso gutxi aldatu da. Nahiz eta konfinamenduan egon, nire egunerokotasuna enkarguak egitea da, txakurrarekin buelta ematea eta gauza gutxi gehiago. Hori ere egin nezakeen konfinamenduan eta beraz berdin jarraitu dut. Gainera, ez naiz tabernetan ibiltzen eta horrek ere ez dit eragin. Jende askori eragin dio egoera honek, baina azken urtea niretzako aurrekoen ia berdina izan da». Hala ere, egoera bere onera itzultzea nahi du, «horrek gizartean eragin zuzena izango baitu».
LUIS GOÑI
47 URTE
«Lanean eta aisialdian gauza asko aldatu dira»
«Urte zaila izan da benetan. Araban egon naiz lanean eta bertara joateko ziurtagiria behar izan dut ia urte osoan. Lanean bertan kasu positiboak izan ziren eta udaran konfinatuta egon behar izan genuen. Hala ere, lanik ez da falta izan, zorionez, eta lan karga berdinarekin jarraitu dugu. Nik uste dut aisialdian oraindik ere eragin haundiago izan duela. Hasteko lagunartean ezin izan dugu elkartu, kirola ere ezin izan zen egin hilabete askotan etxetik kanpo, gero ere egoeraren arabera herritik ezin zen irten. Gabonetan familiarekin ezin elkartu, seme alabekin mugitzeko baimenak... Dena izan da aldrebesa».
MARTINA ALKAIN
83 URTE
«Ea gazteentzako egoera hobetzen den»
Martina Alkainentzat urte benetan zaila izan da, baina kemena eta bihotz ona soberan ditu. «Urtea gaizki joan zait, orain bi hilabete senarra ohean hilik aurkitu nuen. Ez zen koronabirusaren ondorioz izan. Urte oso gogorra eta zaila izan da, ahazteko modukoa. Gauzak asko aldatu dira nire bizitzan. Semea ere etxean dago langabezian eta egoera honek ez du laguntzen lana bilatzerako orduan. Hori dena bizkar gainean eraman egin behar da. Adin bat badaukat eta urteak badoaz aurrera. Gero eta zaharragoa naiz eta gero eta gutxiago naiz. Hala ere, ea gazteentzako egoera hobetzen den eta buelta ematen diogun egoera honi».
JEXUX MARI MUJIKA
73 URTE
«Orain jende gutxi dagoen tokietan ibiltzen naiz»
Jexux Mari Mujikak ez du askorik nabaritu pandemia bere eguneroko bizitzan. «Nik primeran eraman dut. Jubilatua nago eta bizitza ez zait asko aldatu. Musika eta baratza dira nire aisialdiko guneak eta horrekin jarraitu dut. Gero, itxialdia amaitutakoan, paseoak egiten ditut eta ahal dela distantziak eta babes neurriak hartzen ditut. Jende gutxi dagoen tokietan mugitzen naiz, adibidez, atletismoko pistaren inguruan. Ariketak eta ikastaroak egitera ere joaten naiz astean zehar, ostiraletan izan ezik. Hiru-lau ordu egiten ditut. Ez dut arazorik eta aktibitatea mantendu behar da».
LIHER ISASA
20 URTE
«Bizitza ahal dugun guztia probestu behar dugula ikasi dut»
«Klaseak bukatu eta edozein plan egiteko libre nengoenean konfinatu gintuzten. Nire etxeak ez du balkoirik eta airea hartzeko nuen une bakarra, zakarra jaitsi edo erosketak egitera joateko unean zen. Larritasun haundia nuen, kartzela batean sartuta banengo bezala sentitzen nintzelako. Faltan bota dudan gehiena, lagunekin eta familiakoekin egotea izan da. Oso gogorra egin zait konfinamendua. Funtsean, bizitza ahal dugun guztia probestu behar dugula ikasi dut, ez baitakigu noiz kendu ahal diguten askatasuna, berriro ere».
MARI LOURDES URIALDE
66 URTE
«Kontuz ibiltzen gara»
«Ebakuntza baten ondoren harrapatu zidan konfinamenduak. Ezin nuen etxetik mugitu derrigortuta sei hilabetez; beraz, alde horretatik, ez zen asko aldatu. Itxialdia eta gero, egunerokotasuna askorik aldatu ez den arren, ez dugu bidaiatu, Suediara joan behar genuen eta ez da posible izan. Bestela, kafea hartzen dugu goizean goiz, jende gutxiago dagoenean. Eguerdian jende asko ibiltzen da eta gu etxera goaz. Kontuz ibiltzen gara. Bestetik, nire alaba Azpeitian bizi da eta konfinamendu perimetralean ezin izaten dut bisitatzera joan. Orain, zorionez bai, eta bilobak ikusteko gogoa dut».
LEANDRO MINER
70 URTE
«Faltan bota dugu anaiari bisita gehiago egitea»
«Ereñotzun, auzotik aparte geratzen den etxe batean bizi garenez, konfinamendu zorrotzik ez dugu bizitu guk. Eta tabernarako afiziorik ere ez dugunez... Baina anaia bat daukagu erresidentzian, eta bisitak egiteko mugak izan ditugu. Bi egunetik behin joan gintezkeen anai-arrebak, txandaka, eta faltan bota dugu berarekin gehiago egotea. Ondo zegoela esaten ziguten, eta tira, sinetsi behar. Horrez gain, bolan eta tokan ere aritzen naiz, eta askok ezagutzen dugu elkar hortik. Haiekin harremanik ez izatea ere botatzen dugu faltan. Ea laster hasi gaitezkeen tiraldiak egiten berriro».