Urtebeteko pandemiaren kronologia

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

2020

Martxoak 6
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan aurreneko kasu positiboen berri eman ondoren, koronabirusa ez kutsatzeko neurriak hartu zituen Hernaniko Udalak, adinekoen egoitzan.

Martxoak 13
Osasun larrialdia ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta eskolak eta tabernak itxi zituzten bailara osoan. Txotx denboraldia bertan behera geratu zen.

Martxoak 14
Alarma egoera eta konfinamendua ezarri zituen Espainiako Gobernuak. Ezinbesteko joan-etorriak egiteko bakarrik atera zitekeen etxetik: behar-beharrezko erosketak egitera, lanera, adinekoak, adin txikikoak edo menpekotasuna zutenak zaintzera, edo osasun zentroetara. Berehala sortu ziren bolondres sareak eta zaintza taldeak bailarako herrietan, haurrak zaindu eta adinekoei erosketak egiteko. Eta etxeko balkoietatik, makina bat ekimen jarri ziren martxan, entretenitzeko. Bertan behera geratu ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, apirilaren 5ean egitekoak zirenak.

Martxoak 19
Aurreneko positiboen berri eman zuten bailarako herrietan: Hernanin 3 kasu eta Astigarragan 2.

Martxoak 26
Desinfekzio lanak egiten hasi ziren Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan, eraikin publikoetan zein kaleetan.

Apirila
Behar gehien zutenentzako, elikagai banaketak egin zituzten. Hernanin, aurreratu egin zuten Elikagai Bankuaren banaketa, apirilaren aurreneko astera. Astigarragan apirilaren 21ean egin zuten, eta Goizuetan hurrengo egunean.

Apirilak 5
Aste Santuko mezak, YouTube bidez ematen hasi zen Urumea Harana Pastoral Barrutia, Hernani, Ereñotzu eta Astigarragako elizkizunen ordez.

Apirilak 26
0-13 urteko haurrak kalera ateratzea baimendu zuen Espainiako Gobernuak, heldu baten laguntzaz, egunean behin bakarrik eta 09:00etatik 21:00etara. Ezin zuten beste haur batzuekin elkartu.

Maiatzak 2
Deseskalatzearen 0 fasea. Paseatzera eta kirola egitera ateratzea baimendu zieten herritarrei: paseatu etxetik kilometro bat urrunduta gehienez, eta kirola egin herriko mugen barruan. Ordu tarte jakinetan egin behar zen, gainera: 70 urtetik gorakoak, 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 ordutegian; 0-13 urtekoak, 12:00etatik 19:00etara; eta 14-69 urtekoak, 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 ordu tarteetan. Aranon eta Goizuetan, 5.000 biztanle baino gutxiago izanda, ez zuten ordutegi mugarik.

Maiatzak 11
Deseskalatzearen lehenengo fasea aktibatuta: denda eta tabernak zabalik, eta kalean 10 laguneko taldeetan elkartzeko aukera. Gipuzkoan herriko mugen barruan ibili zitekeen, eta Nafarroan herritik ateratzea ere baimendu zuten.

Maiatzak 17
Igandeko mezak eskaintzen hasi ziren berriro, bailarako elizetan: Astigarragan, Ereñotzun, Goizuetan eta Hernanin. Aranon, oraindik ez.

Maiatzak 21
Maskarillen erabilera derrigortu zuen Espainiako Gobernuak, segurtasun distantzia mantendu ezin zen kasuetan.

Maiatzak 18-ekainak 9
Pandemia osoko bolada onena izan zen Gipuzkoan: 23 eguneko epean, bi kasu positibo besterik ez ziren izan.

Ekainak 8
Mugikortasuna EAE osora zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak, deseskalatzearen hirugarren fasea hastearekin batera.

Ekainak 13
San Antonio egun berezia izan zuten Ereñotzun: festa faltan, bertsolariak eta txistulariak ibili ziren etxez etxe, giroa alaitzeko.

Ekainak 14
Auzoz auzo egin zuten San Joan jaietako preludioa, herriko musikari eta abeslariek. Antzerakoak izan ziren festak ere: auzoz auzoko musika saioak, eta emanaldi bat edo beste kiroldegian eta Atsegindegin, aforoa kontrolatuta.

Uztailak 12
Apirilean atzeratutako hauteskundeak egin ziren, Eusko Legebiltzarrerako. Bozkatzera joan ziren herritarrak, maskarilla jantzita, txandaren zain metro eta erdiko tartea utzita, eta sarrera-irteeretan eskuak garbituta.

Uztailak 16-17
Maskarillaren erabilera derrigortu zuten kalean eta espazio itxietan, distantzia tartea edozein izanda ere, Gipuzkoan uztailaren 16an, eta Nafarroan hurrengo egunean.

Uztailak 23
Aurreneko kasu positiboa detektatu zuten Goizuetan. Pandemiaren hasieratik, 6 izan dira guztira.

Uztailak 25
Ezohiko Santioak izan ziren Astigarragan eta Aranon. Astigartarrek, eserita ikusteko emanaldi batzuk izan zituzten, herriko hainbat txokotan. Aranon, berriz, ez zen ospakizunik izan.

Uztailak 28
Oarso kaleko etxebizitza bloke bat konfinatu zuten Hernanin, zenbait kasu positibo eman ondoren. Bertako bizilagun guztiei PCR probak egin, eta denek negatibo emanda, hurrengo egunean kendu zieten konfinamendu agindua.

Abuztuak 15
Amabirjin jairik gabeko egunak izan ziren Goizuetan, eta aurreko urteetan bizitakoak ekarri zituzten gogora.

Abuztuak 17
Kasu positiboen gorakadagatik, osasun larrialdia ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta neurri berriak hartu zituen Nafarroako Gobernuak ere. Horrela, 10 pertsonara mugatu zuten taldean elkartzeko aukera, berriro ere; eta 1,5 metroko distantziak errespetatu behar ziren taberna eta jatetxeetan.

Abuztuak 31
Aurreneko kasu positiboa detektatu zuten Hernaniko adinekoen egoitzan. PCR probak egin zizkieten egoiliarrei eta langileei, eta 38 positibo izan ziren guztira: 26 egoiliar eta 12 langile.

Irailak 8
Ikasturteari hasiera emanez, eskolara bueltatu ziren ikasleak, modu presentzialean, baina neurri bereziekin: maskarillak, distantzia tarteak, tenperatura hartzea...

Irailak 12
Erribera kulturgune berria inauguratu zuten Astigarragan, ekitaldi berezi batekin, baina aforoa mugatuta. Maskarillarekin aritu ziren kantuan, abesbatzetako kideak.

Urriak 16
Aurreneko kasu positiboa izan zen Aranon. Guztira, 5 kasu bakarrik izan dira ordutik.

Urriak 18
Gaztelekua zen lokala utzi zion Astigarragako Udalak Osakidetzari, Joseba Barandiaran plazan, gripearen aurkako txertoa jarri eta PCR probak egiteko bertan.

Urriak 22
Nafarroako sarrera eta irteerak debekatu zituzten, arrazoitutako kasuetan izan ezik. Tabernak eta jatetxeak ere, ixtea agindu zuen Nafarroako Gobernuak.

Urriak 23
Neurri gogorragoak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, eremu gorrian zeuden herrietan: dendek eta tabernek itxita behar zuten 21:00ak eta 08:00ak bitartean, eta herritik ez ateratzea aholkatu zien biztanleei. Une horretan, eremu gorrian zeuden Astigarraga eta Hernani.

Urriak 25
Alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, berriro ere. Etxeratze agindua eman zuen, gaueko 23:00etatik goizeko 06:00etara; eta 6 pertsonara mugatu zituen bilera sozialak. Gainera, neurri berriak hartzea baimendu zien autonomia erkidegoei. Horrela, eremu partikularretan biltzea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak; eta soilik norberaren herrian edo ondoz ondokoetara mugitzea baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Azaroak 2
13-40 urteko herritarrak deituta, baheketa masiboa egin zuten Hernanin, kiroldegian, hiru egunez. Guztira, 2.981 PCR proba egin zituzten, eta 51 positibo detektatu ziren.

Azaroak 27
Taberna eta jatetxeak zabaltzea baimendu zuen Nafarroako Gobernuak, baina soilik terrazak erabilita.

Azaroak 30
Eremu gorritik atera ziren Astigarraga eta Hernani.

Abenduak 12
EAE osoan barrena mugitzea baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak. Autonomia erkidegotik kanpora joateko, berriz, justifikantea beharrezkoa zen.

Abenduak 24
Gabon arraroei eman zitzaien hasiera. Olentzerok eta Mari Domingik, leku finko batean eta distantziak mantenduz egin zieten bisita herritarrei. Afari eta bazkarietan, berriz, mugatua zen etxe bakoitzean elkartu zitekeen lagun kopurua: EAEn, 24an eta 27an 10 lagun, eta 31n eta 1ean 6; Nafarroan, berriz, lau kasuetan 10 lagun gehienez ere. Tabernek eta komertzioek, berriz, arratsaldeko 18:00etan itxi behar zituzten ateak. Urtarrilaren 5ean, Goizuetara bakarrik egin zuten bisita Errege Magoek.

Abenduak 29
Aurreneko txertoak iritsi ziren Hernaniko Bexen Medicalen egoitzara, eta hurrengo egunean hasi ziren jartzen, EAEko adinekoen egoitzetan.

 

2021

Urtarrilak 13  
Egun horretan egitekoa zen txotx irekiera ekitaldia, otsailaren 5era atzeratu zuten Astigarragan. Gerora, bertan behera geratuko zen hori ere, sagardotegiek zabaltzeko aukerarik ez zutelako. Hernanin ere, bertan behera geratu zen txotx irekiera.

Urtarrilak 25  
Herrietako mugak itxi zituzten EAEn, eta eremu gorrian zeuden herrietan, ostalaritzak ere itxi behar izan zituen ateak. Une horretan, eremu gorrian zegoen Hernani (urtarrilaren 22tik), eta astebete beranduago sartu zen Astigarraga, otsailaren 2an. Otsailaren 10ean atera zen eremu gorritik Hernani, eta 18an Astigarraga.

Otsailak 15 
Ondoz ondoko herrietara mugitzea baimendu zuen Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ez zegoen horrelako mugarik, lehenago ere.

Martxoak 9 
Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar mugitzeko aukera eman zuen Jaurlaritzak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!